Ate irekien jardunaldia egingo dute musika eskolan larunbatean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko maiatzaren 4a

Imanol Urbieta udal musika eskola. (Zarauzko Udala)

10:30etatik 12:30etara bisitatu ahalko da eta instrumentu guztiak probatzeko aukera eskainiko zaie bertaratuei. Maiatzaren 15ean zabalduko dute datorren ikasturterako aurrematrikulazio epea.

Imanol Urbieta udal musika eskolak ateak zabalduko ditu larunbatean datorren ikasturteari begira ikasleak erakartzeko. Hala, zentroko arduradunek jakinarazi dute musika eskola bisitatzera animatzen diren herritarrek mugimendu gelak eta musikoterapia gunea bertatik bertara ikusi ahalko dutela, baita instrumentu guztiak ere. Azken horren harira, zehaztu dute musika tresnak probatzeko aukera ere izango dutela.

Bada, honako instrumentuak jotzen ikasteko aukera dago Imanol Urbieta musika eskolan: biolina, biolontxeloa, bonbardinoa, gitarra, klarinetea, pandero, perkusioa, pianoa, saxofoia, trikitixa, tronboia, tronpa, tronpeta, txistua eta zeharkako flauta.

Musika eskolak zehaztu du, halaber, maiatzaren 15ean zabalduko duela ikastaro horiek gauzatzeko aurrematrikulazio epea. Hori bai, datorren astean emango du aurrematrikulazio horri loturiko informazio xeheagoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide