Ekitaldiz beteta dator Arkamurkak antolatutako 25. Astronomia Astea

Juan Luis Romatet 2023ko maiatzaren 2a

Astronomia Asteko ekitaldi bat, artxiboko irudian.

Ostegunean emango diote hasiera Arkamurka Zarauzko natur taldeak urtero antolatzen duen Astronomia Asteari. Maiatzaren 13ra bitartean hitzaldia eta tailer eta irteera bana izango dira programa honen barruan. 

Arkamurka natura taldeak antolatzen duen Astronomia Astearen 25. edizioa egingo da ostegunean hasi eta maiatzaren 13ra bitartean. "Zeruko lehiatilara asomatu nahi dugu berriro ere, ikusgai ditugun eta ez ditugunei buruz mintzatzeko beste behin", azaldu dute ekimen honen antolatzaileek egitarauaren berri ematerakoan. Euskal Herritik gure Eguzki Sistemara salto egingo dutela ere azpimarratu dute Arkamurkako lagunek, "oraindik bertan ditugun parajerik ezezagunenak" aztertzeko asmoarekin.

25 edizioa izanik, pentsa daiteke jorratuko diren gaiak agortzeko bidean izango direla. Antolatzaileek justu kontrakoa diote: "gaiak gutxitu ordez, gehitu egiten zaizkigu eta aurtengoan aste baten ordez bi erabiliko ditugu urteurrena ospatzeko eta batez ere, gai guzti hauek eta beste batzuk patxadaz landu ahal izateko".

Ostegunean, maiatzaren 4an izango da lehen saioa. Arkamurkako kide Ander Gonzalez de Txabarrik Unibertsoa... ez al da handiegia? hitzaldia emango du talde ekologistaren lokalean (Sta. Marina kalea 2, 2. solairua), 19:00etatik aurrera. Hitzaldi honetan, ikuspuntu zientifiko batetik biziaren definiziora hurbiltzeko saiakera egingo dute, "baita hau Lurretik kanpo existitzeko espektatiba errealistara eta beharrezko baldintzetara ere, ondoren non eta nola bilatzen ari garen komentatzeko".

Egun bat geroago, maiatzaren 5ean, ostiralez, Antonianoko Areto Nagusian, A la busqueda de vida en el universo hitzaldia emango du Agustin Sánchez Lavegak. Hizlaria Fisikan doktorea da eta Katedraduna Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Hitzaldi honetan, zeruko zein gorputzetan aurkitu den uraz arituko da, bizitza bilatzeko planeta-sistemarik onenak zein diren errepasatuko ditu eta unibertsoan bakarrik egoteko probabilitatea aztertuko du hizlariak. Saioa gaztelaniaz izango da, eta 19:00etan hasiko da. 

Larunbatean, berriz, hilaren 6an, 19:00etan, eta Arkamurkaren lokalean, teleskopioaren erabilerari buruzko tailerra eskainiko da. Ilatargi astronomia elkarteko eta Arkamurka natur elkarteko kideak arituko dira teleskopioen inguruko galderak erantzuten. Antolatzaileek garbi uzten dute ez dela irteera izango, tailerra, baizik.

Datorren astera pasatuta, maiatzaren 11n, osteguna, Eguzki sistema neptunotik haratago hitzaldia eskainiko du Arkamurkako kide Iñigo Elorzak elkartearen lokalean, 19:00etan hasita. Neptunotik haratago hasten den kanpoko Eguzki sistemara bisita proposatuko du hizlariak. Eguzkitik urrun dagoen eskualde bat dela diote antolatzaileek, "non planeta ohiak, nanoplanetak edo kometen gordailu handi bat aurkituko ditugun, eta, oraindik ere, planeta berri bat aurki dezakegun".

Maiatzaren 12an mahai ingurua izango da Pagoeta mendizale elkartearen lokalean. Ekitaldi honek lagunen arteko bilera informala izan nahi du, astronomiaren egungo egoerari buruz hausnartzeko. Lau lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan: Virginia Garcia (Aranzadi zientzia elkarteko Astronomia saileko zuzendaria), Fernando Jauregi (Iruñeko Planetarioko astrofisikaria), Esteban Esteban (12 urtez Durangoko Astronomia Gelako arduraduna eta dibulgatzailea), eta Cristina Ortega (AVS Added Value Solutions enpresako Espazioko zuzendaria). Saioa gaztelaniaz izango da, 19:00etan hasita.

Irteera bat ere programatu dute aurtengo programan. Hilaren 13an izango da, larunbata, eta Girgillaoko Behatoki Astronomikora joango dira. 17:00etan abiatuko dira Agoueseko biribilgunetik. Behatokian, Artizarra bere fasearekin eta Marte behatuko dituzte, eta haren kasko polarra ikusten saiatuko dira. "Gaueko zeruari ere erreparatuko diogu, ikus daitezkeen konstelazioei begira, eta, laser baten laguntzaz, behatokiko kideek zeruan gidatzen irakatsiko digute".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide