II. Mailako Euskal Pentatloiko finala jokatu zuten larunbat arratsaldean, Tolosako zezen plazan, eta Julen Kañamares nafarra izan zen lanak osatzen bizkorrena. Xabat Olaizola harri-jasotzaile zarauztarrak ongi merezitako bigarren postua lortu zuen, hirugarren izan zen Aratz Mugertza mutrikuarrari lau segundoko aldea aterata.
Aipatu hirukoak, eta haien atzetik sailkatutako hurrengo hiru parte hartzaileek lehen mailara igotzeko txartela lortu zuten: Jagoba Otaegik, Jon Gisasolak eta Mikel Agirrek, alegia. Gorka Etxeberria oriotarra zazpigarren izan zen eta 12 segundogatik ez zuen lortu balentria. Iñigo Landa zarauztarraren jarduna, berriz, apala izan zen eta hamaikagarren bukatu zuen.
Hamabi kirolarik hartuk zuten parte finalean, eta guztiek bost proba osatu behar izan zituzten: 100 kiloko bola zortzi aldiz jaso, giza-proban plaza bat egin, aizkoran kanaerdiko enbor bat moztu, txingekin hiru plaza osatu, eta korrika kilometro bat.
Sailkapena
- Julen Kañamares 11.46
- Xabat Olaizola 12.02
- Aratz Mugerza 12.06
- Jagoba Otaegi 12.27
- Jon Gisasola 12.29
- Mikel Agirre 12.54
- Gorka Etxeberria 13.06
- Joseba Arakama 13.33
- Ander Altuna 13.44
- Jon Alustiza 13.57
- Iñigo Landa 16.20
- Daniel España 18.46