Basurdeak

Andoni EgaƱa - Berria 2023ko mai. 1a, 11:00

Euskararen erabilpen eta joan den asteko basurdeen agerpena lotu ditu Andoni Egañak Berria egunkarian, atzoko Hitz Etzanak atalean.

Bideo irudi batzuk eskutik eskura ibili dira egunotan. Gure herrian, kale-kalean, hiru basurde pasieran ostegun goizaldera. Minutu batez ikusi ahal izan ditugu, herriguneko parke batean, batera eta bestera. Bitxiak dira irudiak, baina nago ikusten ez denak askotan gehiago irakasten duela ikusten denak baino.

Irudi horiek geldirik dagoen auto batetik hartuak dira. Gidariaren ondoko eserlekutik, zehatzago esanda. Autoaren hegal ispiluan suma daitekeenez, Ertzaintzarena da autoa. Bi ertzain dira, beraz, basurdeak aurrean dituztela grabatzen ari direnak. Irudiak dira bitxiak, baina esanguratsuak hitzak. Ertzain batak besteari harridura zein hizkuntzatan adierazten dion zait adierazgarrien. «¡Qué guapos!». «Ahí van, chaval. ¡Qué grandes!». «!Estos pal horno, chaval!». Kaleak arnasgune —basurdeentzat—, eta euskararen kale erabilerak behera arnasguneetan. Inkesta soziolinguistiko guztiak berresteko modukoa da bideoa. Perfila? Polita. Animaliena, jakina.

Ikusten ez denak gehiago irakasten du, bai. Auzotarrontzat oso argi dago fokua aurrerantz zuzendu ordez atzerantz zuzendu behar zutela ertzain biek. Patua jolastia baita, basurdeak zeuzkaten distantzia bertsura zeukaten, bizkarraldean, behebarru bat. Udal Euskaltegia jartzen du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide