Gaur hasi da Zarautz Familia Giroan ekimenaren bigarren edizioa Zarautzen. Goizean goiztik, hainbat adineko umez bete dira Aritzbatalde kiroldegiko ingurua eta Zarauzko hondartza, Triatloi Txikian eta EH Surf Txiki txapelketan parte hartzeko, hurrenez hurren.
Eguraldia ez da nahi bezalakoa izan, baina horrek ez du zapuztu herriko umeen eta beren familien ilusioa, eta dozenaka izan dira ekintza horietan parte hartu duten herritar gazteak. Arratsaldean eta bihar jarraituko dute antolatutako ekintzekin, puzgarriak izan ezik. Izan ere, eguraldiagatik bertan behera utzi dituzte Musika Plazan, Lege Zaharren enparantzan, malekoian, Santuiturri plazan eta Sagasti plazan jarri behar zituzten puzgarriak. Hona hemen gaurko eta biharko egitaraua, eguneratuta:
Apirilak 29, larunbata
- Egunean zehar EH Surf Txiki txapelketa (EHSF), Hondartzan.
- 16:00etatik 19:00etara. Mahai jokoak familian, Merkatu plazan.
- 16:30. Bisita gidatua (2 euro) Andramari Zeruratzea arkeologia eta monumentu multzoa
- 18:00etatik 19:30era. Erraldoiak eta buruhandiak eta Gauerdi txaranga, Alde Zaharrean.
- 19:30etik 21:00etara. Magia saio ibiltariak, Alde Zaharrean.
- 19:30etik 21:30era. Dantzatzeko prest! DJa Musika plazan.
Apirilak 30, igandea
- Egunean zehar EH Surf Txiki txapelketa (EHSF), Hondartzan.
- 09:30. Pagoeta Mendi Lasterketa, Klabelinsoro kalean egongo dira irteera nahiz helmuga.
- 10:00etatik 13:00era. Sendabelarren tailerra familia giroan, Vista Alegre parkeko sarrera nagusian elkartuta (plazak mugatuak dira eta aldez aurretik eman beharko da izena zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 59 telefonora deituta).
- 13:30etik 15:00etara. Magia saio ibiltariak, Alde Zaharrean.
- 16:30. Bisita gidatua (2 euro) Andramari Zeruratzea arkeologia eta monumentu multzoa.
- 16:45etik 17:45era. Magia ikuskizuna Nialaren eskutik, Modelo aretoan (sarrerek 4 euro balio dute eta leihatilan edo tickets.kutxabank.es atarian eskuratu daitezke).
- 19:30etik 21:00etara. Cartoon Brass musika ibiltaria, Alde Zaharrean.