EH Bilduk Santa Klararen kanpoalderako proposamen zehatza landu du, eta prentsaurrean horri buruzko azalpenak eman zituen ostegunean. "Santa Klarako Kultur Faktoriaren ingurunean eremu berde bat egitea eta mantentzea proposatzen dugu, eta parke horretan aisialdirako –alegia, egoteko eta paseatzeko– aukera egoteaz gain, Santa Klarako eskaintzaren barruan, kanpoalde horretan kultur ekitaldiak egiteko eskenatokia ere bai, eguraldi onarekin, aire librean emanaldiak egin daitezen". Eremu berde horri Amalur parkea deitzea proposatu du EH Bilduk. Hala, koalizioak aurreratu du datozen bi asteburuetan "ahalegin berezia" egingo duela herritarrei proposamena erakusteko.
Proposamenaren zergatia ere azaldu du koalizioak, Osasunaren Mundu Erakundea eta Udal Sarea 21 aipatuz: "Hainbat erakundek gomendatzen dutenaren arabera, hiriguneetako naturguneak behar-beharrezkoak dira gure bizitzetan, onura ugari dakartzatelako. Adibidez, Osasunaren Mundu Erakundeak etxe bakoitzetik 300 metro baino gutxiagora (bost minutura oinez) bi hektareako berdegune bat egotea gomendatzen du. Santa Klara ingururako proposatzen dugun espazio berdeak bi hektarea baino gehiago ditu. Eta, bere aldetik, Udal Sarea 21ek hiriguneen barruko naturgune baliotsuak babestu eta haien aberastasun eta dibertsitate biologikoari eusteko esku hartu behar dela dio".
Berdeguneak "osasunarentzat onuragarriak" direla azpimarratu du, eta atmosferaren kutsadura eta bero- eta zarata-mailak "arintzen" ere laguntzen duela, "jarduera fisikorako eta gizarte elkarreraginerako aukerak emanez". Ordea, Zarauzko erdigunean "ez dago parke berde handirik" EH Bilduren iritziz. "Boom inmobiliarioa gertatu aurretik, gure herriak bertatik bertara zituen baratzeak, erriberak, erreka, mendia, itsasoa eta natura basatia, eta horiek herriari ongizate maila altua ematen zioten. Orain, Zarauzko lurren ehuneko handiena urbanizatuta dago jada, eta herriak distantzia hurbilean zituen espazio natural ia denak galdu dira".
EH Bilduk onartu du Zarautzek periferian kalitatezko eremu urdina –itsasertza– eta berdeak –Vista Alegre, Mutxio, Irita, biotopoa…– dituela, baina uste du hainbat herritarrengandik, "batez ere, adineko, haur eta zaintzaileengandik" urrun aurkitzen direla horiek. "Horregatik da garrantzitsua 300 metroko distantziaren ideia; guztientzat irisgarri izango den berdegunea eta naturgunea edukitzea erdigunean. Santa Klarako berdeguneko Amalur parkea herriaren erdigunean espazio berde handi bigun bat sortzeko aukera paregabea da. Zuhaitz handiz hornitutako eta belarra zapaltzeko aukera emango digun espazio naturala. Herriko arnas-gune bilakatuko den Zarauzko birika".
"Nafarroa kalean ezkiak moztu diren honetan, benetako apustu iraunkor bat egiteko proposamena landu du EH Bilduk, anbizioz eta zarauztarren ongizatea erdigunean jarriz", esan dute prentsaurrekoan. "Hirigintza iraunkorretarako urrats gisara proposatzen dugu, hormigoiaren eta asfaltoaren gehiegikeria hau orekatzeko eta Salberdingo urbanizazio traketsari kontrapisua egiteko". Parke hori eginez gero, EH Bilduk uste du inguruetan bizi diren Azken Portuko, Alde Zaharreko, Donibane plazako eta tren geltokietako inguruneetako nahiz Zela Ondo bezalako guneetako "herritarren bizi kalitatean eragin nabarmena" izango hoberako.