30 elkartek hartuko dute parte Zarauzko II. Boluntariotzaren Azokan

Aritz Mutiozabal 2023ko apirilaren 28a

Boluntariotzaren Azokaren aurkezpena, malekoian. (Aritz Mutiozabal)

Maiatzaren 7an egingo dute, 11:00etatik 14:00etara, Galtxagorri elkartearen parean. Elkarteek beraien informazioa banatuko dute ezarriko dituzten postuetan, eta, halaber, hainbat jarduera antolatuko dira.

Bigarren urtez, Boluntariotzaren Azoka ospatuko dute maiatzaren 7an Zarauzko malekoian, Galtxagorri elkartearen parean, 11:00etatik 14:00etara. Iazko esperientzia aberasgarriaren ondoren, aurten elkarte gehiago animatuko da egitasmoan parte hartzera, eta, guztira, 30 izango dira beraien boluntariotza lana ezagutzera emateko postua jarriko dutenak. Era berean, herritarrei elkartearen kide egiteko edota boluntario izateko aukera emango diete.

"Gure herrian boluntariotzak eta gizarte ekintzak indar handia du. Herrigintza da zarauztarron ezaugarrietako bat da, eta horri balioa eman behar zaio. Boluntarioak dira Zarauzko elkarte askoren motorra, eta elkarte bakoitzak bere izaera du. Boluntariotzari ikusgarritasuna ematea eta elkarteak saretzea da gure helburua, eta pozgarria da iazko edizioari jarraipena eman ahal izatea", zehaztu du Boluntariotza zinegotzi Leire Aranak. Zinegotziak nabarmendu duenez, egitasmoa "hazten eta egonkortzen" jarraitzea litzateke udalaren asmoa.

Gizalde Gipuzkoako Boluntariotza Agentziako koordinatzaile Miren Gurrutxagaren esanetan, "guretzat garrantzitsua da erakunde publikoen babesa jasotzea, eta, zentzu horretan, eskertuta gaude". Egungo bizimodu eredua aldatu egin dela eta elkarteetan errelebo arazoak nabari dituztela azaldu du Gurrutxagak, eta, horregatik, horrelako azokak aurrera eraman ahal izateko laguntzak ezinbestekoak zaizkie. "Elkarte bakoitzak bere kausaren berria emango du informazio mahaietan, eta horrez gain, hainbat jarduera nahiz tailer antolatuko ditugu herritarrek parte har dezaten".

"Elkarteetako bihotza"

Aniztasun funtzionala duten haurren gurasoek  osatzen duten irabazi asmorik gabeko elkartea da Pausoka, eta beste zenbait elkartek bezala, estreinakoz hartuko du parte aurten Zarauzko azokan. Esti Iruretagoiena ordezkariak adierazi du elkarte gehienak sortzen dira eta beraien jarduera garatzen dutela "behar batzuk" daudelako gizartean, eta "bere osotasunean ez zaielako erantzuten". Hala, "elkarteok saiatzen gara egunerokotasunean arraun eginez behar horiei erantzun ahal izateko, eta boluntarioak askotan elkarteetako bihotza eta motorra izaten dira".

Zarauzko II. Boluntariotzaren Azokan parte hartuko duten elkarteak herrikoak, lurralde mailakoak eta nazioartekoak, ondorengo hauek izango dira: AGI, Bizi bide, Bihotzez, Adahigi, Aspargi, Afagi, AECC, Asebier, Begisare, Ekintza bibe, Itxaropen telefonoa, Gurutze Gorria, DYA, Atzegi, Aspace, Pausoka, Udaberri, Nagusilan, Jatorkin, Bidez bide, Kaebnai, Alboan, ACOES, Munduko Begiak, La Salle-Proega, Activos por un mundo solidario, Txernobilen lagunak, Salvamento Maritimo Humanitario, Zaporeak eta Ibarratik Misto Taldea ONGD.

Gizaldeko ordezkariak azokak ematen dien ikusgarritasunean egin du azpimarra berezia, eta horrek sortzen duen inpaktuan. "Jendearen erantzuna ez da egunean bertakoa izaten, ez da berehalakoa izaten. Hala ere, banatzen dizkiegun esku orriak gorde egiten dituzte, eta aurrerago elkarteekin harremanetan jartzen dira", kontatu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide