Zarauzko Udalak 2023ko asfaltatze planari ekin zion martxoaren amaieran, eta harrezkero, herriguneko hainbat galtzada berritzeko lanak egiten ari da. Horien artean, Zelai Ondo auzoko kirol pista ere eraberritzen ari da egunotan.
Duela pare bat aste, irisgarritasuna bermatzeko, arrapala bat ahalbidetu zuen pistetara jaisteko, eta, atzo, asfaltatze lanak egiten aritu ziren beharginak, eta gaur marra berriak margotzen ari dira. Era berean, porteria eta saskibaloiko saski berriak jarriko dituzte.
Lehiaketa publiko bidez, Amenabar eta Alvargonzalez enpresek osatutako ABEEri adjudikatu dizkiote herriko kaleak asfaltatzeko eta margotzeko obren ardura, 1.070.991,57 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Horien ondoren, baserri bideekin hasiko dira.