Atzo zozkatu zituzten Iñurritza Berria eremuko etxebizitzak Modelon. Ikusmina eragin zuen Amenabar eraikuntza enpresaren zozketak, eta asko izan ziren aretora hurbildu ziren herritarrak, baita streaming bidez etxetik jarraitu zutenak ere.
Ikusleez gain, aretoko oholtzan izan ziren Paul Muñoa Zarauzko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen departamentuko arduradun teknikoa, Amenabar enpresako kideak eta Angel Maria Moreno Gallego notarioa ere.
Zozketa egin aurretik Muñoak hartu zuen hitza, eta adierazi zuenez, aurrera begira ere izango dira etxebizitza eskuratzeko aukerak Zarautzen. "Azken bizpahiru urtetan 250 etxe inguru zozkatu ditugu, eta gaurkoaz gain, aurten beste 140 etxebizitza inguru zozkatzeko asmoa dugu. Epe ertainean, Irita inguruan ere etxebizitzak eskaintzeko proiektua ere hor dago", azaldu zuen Muñoak.
Guztira 60 etxebizitza zozkatu zituzten atzokoan, 24 erregimen orokorreko etxebizitza sozialak -bat egokitutakoa- eta 36 tasatutakoak -bi egokitutakoak-. Prezioei dagokionez, babes ofizialekoen gehinezko prezioa 177.400 eurokoa izango da (BEZ gabe). Etxebizitza tasatuen prezio garestiena, aldiz, 258.400 eurokoa izango da (BEZ gabe).
Ohikoa den bezala, ordea, etxebizitzen eskaera kopurua eskaintza baino askoz ere handiagoa izan da Iñurritzako promozioan ere. Guztira 752 bolatxo sartu zituzten ontzira babes ofizialeko etxeen zozketarako, eta 728 tasatuetarako. Egokitutako etxebizitzen kasuan, eskaera bana jaso dute babes ofizialeko eta tasatutako etxeetarako.