Salbatore Mitxelena ikastolako gurasoek protesta deitu dute bihar arratsalderako zortzi familiari matrikulazio eskaerak "ukatu" dizkietela salatzeko. Diotenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren politikek eragin dute egoera hau "segregazioa arintzeko aitzakian, dirua aurreztu nahi" duelako. Horrez gain, Zarautzen matrikulatzeko egongo ziren haur kopuruaren kalkuluan "zuzendu nahi ez duen akats larria" egin duela ere adierazi dute gurasoek, 179 haur direlako 150 beharrean.
Horren aurrean, salatu dute Hezkuntza sailak ez duela "familien nahia errespetatzen", eta "tetris-eko fitxak" bailiran jokatu dutela haurrekin, "gelak toperaino betetzeko". Zentzu horretan, azaldu dutenez, "Ikastolaren kasuan 55 matrikula daude. Ondorioz, legalki hiru gela dagozkio, Hezkuntza sailak, ordea, bi gela soilik eman nahi ditu zortzi familia eta etorkizunean etorriko direnak kanporatzeko".
Hala, Kalitatezko hezkuntza euskalduna guztiontzat, segregaziorik ez! lelopean protesta mobilizazioa egingo dute bihar 18:30ean Musika plazan eta Zarauzko herritarrak eta Hezkuntza komunitate osoa deitu dituzte bertan parte hartzera. Izan ere, adierazi nahi dute "Zarauzko ikastetxe guztiek eta beraien aldarriek maila berean lekua dutela".