Zarautz Herri Zaintzailea taldeak Death Cafe saioa antolatu du biharko, "heriotzari buruz libreki hitz egiteko"; izan ere, horixe da topaketaren funtsa: heriotzaz askatasun osoz jardutea leku atsegin batean, bizkotxoarekin lagundutako kafea edo infusioa edan bitartean. Antolatzaileek gogoratu dutenez, honakoa "ez da dolu terapia izango eta ez dago ondorioetara iristeko asmorik". Hori bai, azpimarratu dute konfidentzialtasuna eta errespetua "balore garrantzitsuak" direla. Azken finean, heriotzari ikusgarritasuna ematea eta tabuak apurtzea da helburua, eta horretarako parte hartzaileek euren gogoetak egitera eta sentipenak edota esperientziak elkarbanatzera animatu nahi dituzte.
Saioa 18:30etik aurrera izango da, Klabelinsoro kaleko 22 zenbakiko udal lokalean. Antolatzaileek adierazi dute nahitaezkoa dela partaidetza aldez aurretik jakinaraztea, edukiera mugatua delako. Horretarako, zarautzherrizaintzailea@gmail.com helbide elektronikora idaztea edo 658 73 07 72 telefono zenbakira deitzea eskatu dute. Era berean, jakinarazi dute partaideei 3 euroko ekarpena eskatuko zaiela, kontsumizioak ordaindu ahal izateko.