Hamargarren edizioa du aurtengo Literaturiak. Esan liteke egitasmoak herrian egonkortzea lortu duela?
Dagoeneko badugu urte batzuetako eskarmentua, eta egia da euskal literaturaren alorrean urteko bilgune garrantzitsuenetakoa bilakatzen ari dela Literaturia. Beraz, esan genezake erabat egonkortuta dagoela, bai.
Zer-nolako giroa arnasten da Literaturiako egunetan?
Euskal kultura kontsumitzeko gogoa duen jendea bertaratzen da, baita sortzaileak ere, eta, ondorioz, elkar ezagutzeko aukera izaten dute. Gertukoa izaten da harremana, eta oso giro polita sortu ohi da.
Zergatik aurreratu duzue hitzordua maiatzaren hasierara?
Azken edizioak maiatza amaieran egin ditugu, baina aurten udal eta foru hauteskundeak ditugu azken asteburu horretan, eta horregatik erabaki dugu data aldatzea. Gainera, aztertu ditugun beste asteburu batzuk ere okupatuta zeuden, eta, azkenean, hilabeteko lehenengoan aurkitu dugu tartea.
Data aldaketaz gain, beste berrikuntzarik ba al dakar aurtengo edizioak?
Urtero gai bat proposatzen dugu, eta saiatzen gara gai horren baitan Literaturiarako zerbait berria prestatzen, lotura duen emanaldi bat sortzen. Ez da lan erraza izaten; izan ere, ikuskizun bat sortzeak denbora eskatzen du eta artistak euren proiektuetan murgilduta egoten dira, baina aurten oso garaiz hasi gara, eta berehala jakinarazi genizkien gure asmoak sortzaileei.
Ostiraleko emanaldia da gaiarekin lotura handiena duena, baina gainerako ekitaldietan ere egingo zaizkie keinuak, zeren horietan parte hartu duten guztiei jakinarazi diegu gaia eta egingo dute lantzeko ahalegina.
Eten da aurten hautatu duzuen gai hori. Zein da asmoa?
Gaia aukeratzean, beti nahi izaten dugu zerbait irekia izatea, iradokitzailea. Gainera, literarioa bada, hobe. Azken urteotan aukeratu ditugunak –piztia, atea, itzala...– izenak izan dira beti; aurten, ordea, aditza proposatu dugu lehenengo aldiz, eta iruditu zaigu aukera asko ematen dituen hitza dela. Horregatik, nahiko azkar hartu genuen erabakia, egia esan.
Handia al da Literaturiaren atzean dagoen taldea?
Dozena erditik gora lagun izango gara, baina egunerokoan kostatu egiten da guztiok bildu ahal izatea, bakoitzak bere lana eta bestelako betebeharrak dituelako. Hori horrela izanik, ahal dugun neurrian dugunetik ematen saiatzen gara. Modu horretan lortzen dugu egitasmoa aurrera eramatea, argi baitago gisa honetako zerbait antolatzeko jendearen laguntza ezinbestekoa dela.
Taldea ere aldatuko da urte batetik bestera.
Bai. Ez da erraza konpromisoari eutsiko dion talde egonkor bat osatzea; jendeak utzi egin izan du. Horregatik, urtero saiatzen gara norbait berria taldera erakartzen.