Zilarrezko maila galdu du Amenabarrek 11 urteren ondoren

Jabi Gonzalez Toston 2023ko apirilaren 25a

Amenabarrek Alarcos Ciudad Realen aurka etxean jokatu zuen azken partidako une bat. (Luis Epelde)

Liga amaitzeko oraindik lau jardunaldi falta diren arren, gizonezkoen eskubaloi taldeak jada ez du aukerarik mailari eusteko.

Amenabar Zarautzek azken partidak izango ditu hurrengo laurak eskubaloiko Ohorezko Zilarrezko Mailan; izan ere, oraindik liga amaitu ez den arren, maila galdu du matematikoki. Joan den asteburuan Antequeraren (Andaluzia, Espainia) kantxan jasotako porrotak eta Alacantek (Herrialde Katalanak) eta Alcobendasek (Madril, Espainia) lortutako garaipenek eragin dute Amenabarrek mailari eusteko aukerarik ez izatea.

Hala, Zarauzko taldeak amaiera emango dio 11 urte iraun dituen ibilbide bati denboraldia bukatutakoan; izan ere, 2012an lortu zuen Lehenengo Maila Nazionaletik Zilarrezkora igotzea eta ordutik bertan jokatu du. Gainera, urte hauetan guztietan izan ditu nabarmentzeko denboraldiak ere: 2014an, esaterako ASOBAL ligara igotzeko play off-a jokatu zuen Alcobendasen eta aurreko bi denboraldietan igoera multzoan aritu da ligako bigarren zatian. 

Amenabarrek maila galdu duenez gero, Lehen Maila Nazionalean aritu beharko du berriro datorren denboraldian, baina taldea dagoeneko hasi da itzuleran pentsatzen "merezi duen mailara itzul dadin".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide