Zarauzko Turismo departamentuak antolatuta, Zarautz Familia Giroan 2023 ekimena egingo dute larunbatean eta igandean herri osoan. Familia turismoa erakartzea da helburua eta bigarrenez egingo dute. Hain justu, iaz hasitako bide hori sendotzea ere bada aurtengoaren helburua.
Hala, bigarren edizio honetan, bi egunetako egitarau zabala prestatu dute Zurekin ostalari elkartearekin batera: bisita gidatuak, puzgarriak, mahai jokoak, erraldoi eta buruhandien kalejira eta magia ikuskizunak antolatu dituzte, besteak beste. Horrez gain, aipatu elkartea osatzen duten Itxas-Lur, Karlos Arguiñano eta Santa Barbara jatetxeetan haurrentzako plater bereziak ere eskainiko dira.
Halaber, Instagram bidezko zozketa ere jarri dute martxan bi pertsonentzako bi gaueko lau egonaldi Zarautzen eta bi lagunentzako bi surf ikastaro irabaziko dituzte sarituek, eta parte hartzeko interesa dutenek udaleko Turismo departamentuaren Instagaram kontua jarraitu beharko dute (@ZarautzTurismo). Horrekin batera, Turismo departamentuak igotako azken argazkia 'atsegin' dutela adierazi beharko dute eta iruzkina idatzi gogokoen dituzten Zarauzko bi gune zehazteko. Atzo zabaldu zuten parte hartzeko epea eta maiatzaren 7a izango da azken eguna.
Herrian turismo jasangarriagoa izateko bidean, familia oporretarako helmugen artean kokatu nahi du Zarautz, eta turismo eredu hori lortzeko estrategiaren baitan kokatzen da, hain zuzen, astebururako antolatu duten jaia.
Apirilak 29, larunbata
- Egunean zehar EH Surf Txiki txapelketa (EHSF), Hondartzan.
- 09:30. Triatloi Txikia, Aritzbatalde kiroldegian.
- 12:30. Bisita gidatua (2 euro) Andramari Zeruratzea arkeologia eta monumentu multzoa.
- 16:00etatik 19:00etara. Mahai jokoak familian, Frontoi Txikin (Euria egiten badu, Merkatu plazan).
- 16:30. Bisita gidatua (2 euro) Andramari Zeruratzea arkeologia eta monumentu multzoa
- 18:00etatik 19:30era. Erraldoiak eta buruhandiak eta Gauerdi txaranga, Alde Zaharrean.
- 19:30etik 21:00etara. Magia saio ibiltariak, Alde Zaharrean.
- 19:30etik 21:30era. Dantzatzeko prest! DJa Musika plazan.
Apirilak 30, igandea
- Egunean zehar EH Surf Txiki txapelketa (EHSF), Hondartzan.
- 09:30. Pagoeta Mendi Lasterketa, Klabelinsoro kalean egongo dira irteera nahiz helmuga.
- 10:00etatik 13:00era. Sendabelarren tailerra familia giroan, Vista Alegre parkeko sarrera nagusian elkartuta (plazak mugatuak dira eta aldez aurretik eman beharko da izena zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 59 telefonora deituta).
- 11:30etik 14:00etara. Puzgarriak Musika Plazan, Lege Zaharren enparantzan, malekoian, Santuiturri plazan eta Sagasti plazan.
- 13:30etik 15:00etara. Magia saio ibiltariak, Alde Zaharrean.
- 16:30. Bisita gidatua (2 euro) Andramari Zeruratzea arkeologia eta monumentu multzoa.
- 16:45etik 17:45era. Magia ikuskizuna Nialaren eskutik, Modelo aretoan (sarrerek 4 euro balio dute eta leihatilan edo tickets.kutxabank.es atarian eskuratu daitezke).
- 17:00etik 19:30era. Puzgarriak, Musika Plazan, Lege Zaharren enparantzan, malekoian, Santuiturri plazan eta Sagasti plazan.
- 19:30etik 21:00etara. Cartoon Brass musika ibiltaria, Alde Zaharrean.