Asteburu oparoa izan dute ZKE Halterofilia taldeko altxatzaileek; izan ere, lau urrezko domina eta zilarrezko bi lortu dituzte Salamancan (Gaztela eta Leon, Espainia) eta Gasteizen jokatutako Espainiako Txapelketa Unibertsitarioan eta Euskadiko Halterofilia Txapelketa nagusian.
Miren Galarraga eta Leire Urkiola izan dira Salamancan aritu direnak eta 76 kilo azpiko kategorian lehiatu dira biak. Lehenengoak, Galarragak, lehenengo postua eskuratu du 153 kilo jasota eta horrek, bi urrezko domina irabazteko balio izan dio; izan ere, Unibertsitateko Txapelketarako ez ezik, Espainiako Txapelketa nagusirako ere balio zuten altxatzeek. Urkiola, berriz, laugarrena izan da eta ezin izan du podiumera igo.
Gasteizen, bitartean, Imanol Citoresek, Igor Lekuonak, Ander Garatek eta Malen Monasteriok jokatu dute Euskadiko Halterofilia Txapelketa nagusia, eta guztiek eskuratu dute dominaren bat: Lekuonak urrea 109 kilo azpiko kategorian guztira 215 kilo altxatu ondoren, Citores ere urrea 81 kilo azpiko kategorian 249 kiloko marka eginda, Garatek zilarra kategoria berean 237 kiloko jasota eta Monasteriok ere zilarra 55 kilo azpiko kategorian 122 kilo altxatuta.
ZKE Halterofiliak jakinarazi du, era berean, datorren asteburuan liga jardunaldia izango dutela, eta orain arte parte hartzerik izan ez duten taldeko kideak arituko direla. Horrez gain, ekainaren 10ean Gipuzkoako Junior, Unibertsitateko eta Teknika kriterium txapelketa izango dute Billabonan.