Hiru ardatzeko bidegorri sarea proposatu du EH Bilduk

Aritz Mutiozabal 2023ko apirilaren 24a

Lapurdi kaleko bidegorrian, gaztetxoak eskolara joaten. (Aritz Mutiozabal)

Koalizioaren alkategai Itziar Muruak adierazi duenez, "herriak daukan mugikortasun kultura defendatzeko" bitarteko seguruak eskaini behar dira, eta beraien proposamenak hori sustatzen duela nabarmendu du.

Zarauzko EH Bildu kezkatuta agertu da, trenbideko obrak direla medio, "herriko bidegorri sarearen gehiengoa galdu" duelako. Oinezkoen eta bizikleten erabiltzaileen gainetik jarri direla autoak nabarmendu du koalizioko zinegotzi Ion Arozenak, "egunero ehunka zarauztarrek erabiltzen dituzten bideak oztopatuz". Arriskutsua dela iritzi dio ikastetxeetara doazen haur, gazte eta gurasoentzat errepidez edo espaloitik joan behar izatea, maiz kontrako norabidean: "Ez soilik bizikletaren erabiltzaileentzat, baita espaloitik doazenentzat ere."

EH Bilduk bizikletan ibiltzea arriskutsua izan ez dadila bultzatu nahi du, "azken bi urtetan suntsitutako bidegorri sarea berreraikiz eta hobetuz". Politika integralak behar direla nabarmendu du Arozenak, eta, horretarako, babesak eta marrak berriro jarri behar direla: "Norabide bakarreko kaleetan aukera eman behar da bi norabidetan joateko, eta autoentzat pentsatutako ibilbide luzeak ekidin behar dira".

Gauzak horrela, hiru bidegorri ardatz izango dituen proposamena aurkeztu du EH Bilduk. Zarauzko Bihotz Berdetik igarotzen diren bi Mendebalde-Ekialde ardatz eta Hegoalde-Iparralde ardatz bat aurreikusten ditu alderdiaren proposamenak, "ikastetxeetara erraz iristeko aukera emango dutenak".

Proposamenaren arabera, Iparralde Hegoalde ardatza Zarauzko Bihotz Berdearen erditik igaroko da: Abendaño eta La Salletik aterako da, Kultur Faktoriaren inguruan egongo den Amalur parkeraino, hortik Gaztainpera eta Zuhaizti eta Sanz Eneatik lotuko da Borghettoraino iristeko. Ekialde-Mendebalde lehenengo ardatzak Lizardi Institutuak eta Orokieta lotuko ditu, Aritzbataldetik igaroz eta Astiraino luzatuz. Bigarren ardatza, aldiz, Antonianotik abiatuko da Salbatore Mitxelena ikastolaraino Gipuzkoa kaletik luzatuko da.

Zarauzko EH Bilduren alkategai Itziar Muruaren iritziz, "bizikletaren erabilerak herriaren bizi-kalitatea hobetzen eta hiri-mugikortasun osasuntsu eta atsegina sustatzen du."  Era berean, eskolara, lanera edo aisialdira "bizikletaz seguru mugitzea" erraztuko lukeela adierazi du. Izan ere, "herriak daukan mugikortasun kultura hau defendatzeko bitarteko seguruak eskaini behar zaizkie".

Bizikletentzako aparkaleku estaliak

Herriko garraioguneen ondoan, bizikletentzako aparkaleku estaliak ere proposatu ditu Ion Arozenak tren geltokian, San Pelaioko autobus geltokian eta Sanz Eneako autobus geralekuan; besteak beste,  "seguru aparkatzeko" eta "hain ohikoak diren lapurretei aurre egiteko". Horrez gainera, bizikletak zaindu, gurpilak puztu edo garbitzeko gailuz hornituta egotea ere proposatzen dute.

Muruak "proiektu anbiziotsua" dela azpimarratu du, " XXI. mendeko mugikortasun irizpideak jarraituz osatua", eta herri barruko mugikortasuna "segurtasun, erosotasun eta printzipio ez-kutsagarrietan" kokatzen duena. EH Bilduren alkategaiak uste du hiru ardatzeko bidegorri proposamenarekin, gainera, Zarauzko Udalak iazko udan "korrika eta presaka onartu zuen mugikortasun planean dauden akats nabarmenetako zenbait" osatuko liratekeela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide