Moto gidari bat atxilotu du Ertzaintzak Zarautzen, ustezko droga trafikoagatik

Juan Luis Romatet 2023ko apirilaren 22a

Gertakaria atzo arratsaldeko lehen orduetan izan zen.

28 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Zarautzen herriko hirigunetik moto batean zihoala. Ertzaintzaren arabera, berde koloreko "kilo erdi landare-substantzia" zeraman, ustez marihuana. Droga trafikoa izan daitekeen delitu batengatik ikertzen ari dira gizonezkoa. 

Gertakariak atzo 14:30ak aldera izan zirela azaldu du Ertzaintzak ohar baten bidez. Ordu horretan, ertzainek moto bateko gidaria geldiarazi zuten "arau-hauste administratibo bat" egiteagatik. Oharrean jasotzen denez, agenteek marihuana usaina sumatu zioten gidariari eta behin miaketa eginda "landare-substantzia berde bat" aurkitu zioten motxilan. Ustezko drogak 500 gramo inguruko pisua zuela dio Ertzaintzak. Horrekin batera, mila euro inguru ere aurkitu zioten. 

 

Hala, ustezko droga-trafiko delitu bat egotzita atxilotu zuten 28 urtezko gizonezkoa. Ertzain-etxera eraman ondoren, Azpeitiko Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute gaur. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide