Espainiako eskubaloi liga gorenera itzultzeko bideari ekingo dio Aialak bihartik aurrera

Jabi Gonzalez Toston 2023ko apirilaren 21a

Aialako kideak bilduta Castro Urdialesen aurka jokatutako ligako azken partidari ekin aurretik. (Luis Epelde)

Sabadellen (Katalunia) aurkako aurre kanporaketaren joaneko partida jokatuko dute etxetik kanpo eta gaindituz gero igoera fasera sailkatuko lirateke. Lehen mailara igotzeko aukerak izan nahi badituzte fase hori nahitaez irabazi beharko dute, baita bigarren bat ere.

Aiala Zarautz eskubaloi taldeak duela zazpi urte atzean utzi zuen lehen mailara itzuli nahi du. Guerreras Iberdrola ligara, alegia. Horretarako, ordea, bide luzea du aurretik. Izan ere, Ohorezko Zilarrezko Mailako B multzoa irabazi duen arren, beste zortzi partida jokatu beharko ditu errore-marjina minimoarekin Espainiako liga gorenera itzultzeko.

Gauzak horrela, bihar bertan ekingo dio erronkari Aialak Sabadellen (Katalunia) aurkako aurre kanporaketarekin. Bi partidara jokatuko dute kanporaketa, joanekoa Sabadellen eta itzulerakoa Aritzbatalden datorren astean, eta gainditzen duenak igoera fasera sailkatuko da. Bertan, aurre kanporaketa gainditu duten beste hiru talderen kontra lehiatuko da maiatzeko bigarren asteburuan. Talde guztiek elkarren aurka jokatuko dute ostiraletik igandera bitartean zozketaz hautatutako egoitza berean eta onenak bigarren igoera fasea jokatzeko txartela lortuko du.

Bigarren igoera fase hori azkena izango da eta Ohorezko Urrezko Mailako bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatuen aurka jokatuko du maiatzeko azken asteburuan. Liga horretan bigarren geratu den taldearen etxean izango da, ligako irabazlea zuzenean igoko baita Gerreras Iberdrola ligara. Mailaz igoko den beste taldea azken igoera fase horretako onena izango da, hain justu.

Edonola ere, Aialak argi du hori lortzea zaila dela oso, ametsa errealitatea baino gehiago. Hori bai, ahalegina egingo dute. Zarauzko taldearen helburua Ohorezko Urrezko Mailara igotzea da, eta, horretarako, bihar abiatuko duten aurre kanporaketa gainditu eta gutxienez bigarren amaitu beharko du lehen igoera fasea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide