Iñurritzako etxebizitza babestuen zozketarako onartutako behin betiko zerrendak argitaratu dituzte

Aritz Mutiozabal 2023ko apirilaren 20a

Eguzki Izar eremuan egiten ari diren obrak. (Aritz Mutiozabal)

Eskaera bakoitzari ausazko zenbaki bat esleituko zaio datozen egunotan, eta hori erabiliko dute zozketarako. Guztira, 60 etxebizitza esleituko dituzte, batzuk babes ofizialekoak eta besteak tasatuak. Datorren asteazkenean, apirilaren 26an, egingo da zozketa Modelo aretoan, 17:30ean.

Iñurritzako 24 Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta 36 Etxebizitza Tasatuak esleitzeko zozketetan parte hartzeko onarturiko eskaeren behin betiko zerrendak argitaratu dituzte. Datozen egunetan eskaera bakoitzari ausazko zenbaki bat esleituko zaio, eta hori erabiliko da zozketa bidez sustapeneko etxebizitzak esleitzeko oinarri gisa. Zozketa apirilaren 26an egingo dute, asteazkenarekin, Modelo aretoan, 17:30etik aurrera.

Eguzki Izar eremuaren urbanizazio proiektuak urtarrilaren 24an jaso zuen onespena, eta Amenabar Taldeak aurkeztutako proposamenak egin zuen aurrera, babestutako 60 etxebizitza eraikitzekoa; hau da, 24 babes ofizialekoak izango dira eta 36 tasatuak. Bi kasuetan, gehienak hiru logelako etxebizitzak izango dira, baina egongo dira bi gelakoak eta mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzako gordetako etxebizitza egokituak ere.

Etxebizitzen gehienezko prezioa zein izango den ere zehaztu du Udalak. Babes ofizialeko etxebizitza garestienak 177.402,32 euroko prezioa izango du, BEZ gabe. Etxebizitza tasatuen artean, garestienak, aldiz, 258.377,27 euroko prezioa izango du, BEZ gabe. Etxebizitzarekin batera, garajea eta trastelekua gehitu beharko zaizkio prezio horri.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide