"Bertakoa eta garaikoa ekuazio bereko bi atal funtsezko dira"

Mireia Galarza Bastida 2023ko apirilaren 20a

Jakoba Errekondo agronomoa. (Ataria.eus)

Merkatua Bizirik taldeak antolatuta, Jakoba Errekondo (Usurbil, Gipuzkoa, 1961) agronomoak Garaian garaikoa, bertan bertakoa hitzaldia eskainiko du gaur, 18:00etan, Zarauzko Merkatu Plazan.

Zeri buruz hitz egingo duzu gaurko hitzaldian?

Kalitatezko elikagaiak nahi baditugu, bertakoa eta garaikoa kontsumitu behar dugu; horri garrantzia ematen saiatuko naiz. Momentukoa eta hurbil duguna jan behar dugula nabarmenduko dut, alegia. Puntu horretan azokak jokatzen duen paperaren garrantzia ere azpimarratzen saiatuko naiz, baita horrek nola eragiten duen ere. Azken finean, azokan aurkitzen duguna inguruko baserrietakoa eta momentukoa da, eta bertan erosten badugu, gure buruari mesede egiteaz gain, baserritarrei ere laguntzen ari gara. Horrez gain, herriko bizitza, merkataritza eta paisaia ere zaintzen ditugu. Horri buruz arituko naiz, eta ondoren, jendeari hitza emango diot, dituzten galderak egin eta zalantzak argitzeko. Galderek ez dute zertan izan behar hitzaldiko gaiari buruz, baratzeei edo etxeko landareei buruz ere galdetu ahal izango dute herritarrek.

Denei egiten die mesede bertakoa eta garaikoa kontsumitzeak, beraz.

Bai, eta alde ekonomikoari begiratzen badiogu ere, onurak ditu horrek, badakigulako dirua nora doan elikagai horiek erosten ditugunean. Aldiz, supermerkatu handietara joanez gero, ez dakigu dirua nora doan.

Jendearen kontzientziak mugiarazten dituen gaia al da elikagaiena?

Bai, geroz eta gehiago. Zarautzen adibide garbia dugu: herri baratzeena. Mugimendu handia dago horietan, eta aipatzekoa da herri bat nola arduratu eta martxan jarri den gai horren bueltan. Azken finean, guk ere ardura dugu kontsumitzen dugun horretan. Ez gara inozoak, eta jendeak badaki kalitatea nahi badu nora joan behar duen. Kalitateak, gainera, ez dauka prezio altuekin eskutik helduta joan beharrik. Ni ziur nago baserritar batek ez dituela garaiotan izugarri igo elikagaien prezioak. Arazo handiagoak dituzte beste saltzaile handi batzuek, besteak beste, kilometro asko egin behar dituztelako elikagaien kamioiek barazkiak edo frutak gure platerera irits daitezen.

Eta nolakoa da gertuko ekoizle horien errealitatea?

Gure inguruetan ez da ohikoena produktu jakin bat kantitate handietan sortzen duten ekoizleak aurkitzea. Gertuko ekoizle txikiek badakite kalitatea bermatu behar dutela, hor dagoelako beren etorkizuna. Arrazoi horregatik ari dira geroz eta gehiago nekazaritza ekologikoarekin, biodinamikoarekin edo integralarekin lanean. Aldaketa hori naturala da, historian zehar asko aldatu baitira ekoizpen moduak. Kontsumitzaileengandik gertu daudenek, gainera, abantaila nabarmena dute: badakite erosleek zer nahi duten.


Balio ukiezinek ere geroz eta garrantzi handiagoa dute erosketa prozesuan; hainbat saltzailek eskaintzen duten konfiantzak, adibidez.

Bai, zalantzarik gabe. Eta, horrez gain, kultura, jateko moduak edo harremanak izateko sistemak ere garrantzi handia dute.

Hala ere, asko dira oraindik elikagai guztiak leku berean erostea erosoagoa egiten zaien herritarrak, ezta?
Badaude, bai, baina joera hori azkar mozten da ospitalera joan behar duzunean; hau da, ez da osasuntsuena hori. Bakoitzaren hautua da non eta zer erosten duen erabakitzea. Adibidez, plastikoan bildutako patata tortilla bat erosten baduzu, badakizu zer ari zaren kontsumitzen, eta hori, gainera, zure seme-alabei transmititzen badiezu, are okerragoa da. Izan ere, haiek ere ohitura horiek hartuko dituzte, eta denen okerrerako izango da.

Ez al dago euskal gizartea ohituago bertakoa kontsumitzera garaian garaikoa baino? Adibidez, bat baino gehiago dira tomate entsalada urte guztian jaten dutenak.

Izan daiteke. Hala eta guztiz ere, gaur egun informazio pila bat dugu esku artean, eta norberaren arazoa da abenduan gereziak, marrubiak edo tomatea jan nahi izatea. Horregatik, garaikoa eta bertakoa eskutik helduta joan behar duten bi kontzeptu dira, ekuazio bereko bi atal funtsezko. Horren emaitza da kalitatezko elikadura, eta hori osasuna da.

Hainbat liburu kaleratu dituzu, besteak beste, etxeko landareei eta baratzeei buruz. Ba al duzu besterik idazteko asmorik?

Orain buru-belarri gabiltza bizibaratzea.eus webgunearekin, berritu egin genuelako orain dela gutxi. Asteroko buletinak bidaltzen ditugu, eta bertan zehazten ditugu aste horretan zer lan egin behar diren baratzean, fruta arbolekin, basoan eta abar. Bestalde, agenda gehitzen dugu, Euskal Herrian zehar lurrarekin lotuta dauden azoken, tailerren, hitzaldien edo aurkezpenen berri emateko. Astero ere idazten dut nik artikulu bat webgune horretarako, eta horrez gain, irakurleek badute aukera zuzenean galderak egiteko, horretarako prestatutako txokoan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide