Zarauztarren doinuak

Leire Arrojeriaren doinuak

Erredakzioa 2023ko apirilaren 19a

Leire Arrojeria. (Utzitakoa)

Herritarrek hautatutako bost abesti jaso ditu Zarauzko Hitzak Aste Santuaren bueltan Zarauztarren doinuak izeneko txokoan. Aste honetan, Leire Arrojeria Gaztea irratiko esatariak hautatu ditu bere kantu kutunak.

Eire, Amaitu baino lehen

Zumaiako biko hau duela gutxi ezagutu dut eta, berehala, nire eguneroko play zerrendako ezinbesteko parte bilakatu dira. Hiru kantu bakarrik kaleratu dituzte orain arte, eta lehenengo zuzeneko kontzertuekin hasi berri dira duela oso gutxi, baina talentu eta potentzial ikaragarria dutela frogatu dute jada. Bi neska gazte dira, unibertsitate garaian daudenak, adiskidetasunak eta musikak txikitatik batu dituenak, eta elkarrekin oso gauza interesgarriak egiten dituzte. Etorkizun handiko proiektua dela iruditzen zait, eta benetan espero dut hala izatea.

 

Kerobia, Izan ere

Nire nerabezaroko soinu banda izan da talde nafarra. Maketa eta hasierako bi diskoak, batez ere. Gaur egun, ez dut hainbeste konektatzen egiten duten musikarekin, baina, hala ere, euren kontzertuetara joateko aukera dudanean beti joaten naiz. Hasierako kantak nola birmoldatu dituzten gustatzen zait, eta Xabi Bandini zuzenean ikustea, gutxienez, bizitzan behin egin behar den gauza horietakoa dela iruditzen zait. Euskal Herriko front manik onenetakoa da, nire ustetan.

Robyn, Dancing on my own

Nazioarteko hit handi bat da, Grammy sarietarako izendapena lortu zuena 2011n, baina zerrenda honetan sartu izanaren arrazoiak bestelakoak dira. Kanta guztiz ahalduntzailea iruditzen zait, abeslaritik hasita, letra, samplerra… Guztiz atenporala, eta oso dantzagarria. Playari eman eta bolumena topera igotzeko moduko doinua.

TikTara, Nomada galdua

Zarautzen talde handiak ditugu, kolore eta genero anitzekoak, eta horietatik guztietatik koloretsuena TikTara taldea da. Salsa egiten dute euskaraz, eta Euskal Herrian dantza egiten ez dugula topikoa hautsi dute. Maila altueneko bederatzi musikarik osatzen dute, eta zuzenean entzun behar dira ezinbestean. Hankak bakarrik mugitzen hasiko zaizkizu, ziur!

Mikel Urdangarin, Non geratzen den denbora

Zarauzko Ikastolan ikasitako askok, ni bezalaxe, jada jubilatuta dagoen Txapasekin eman zuten Musikako irakasgaia. Horietako bat bazara gogoratuko duzu klase horietan ibiltzen genuen kanta sorta liburuxka. Liburuxka horretan, euskal kantagintzako altxor asko zeuden, garai desberdinetako kantak, eta horietako bat da hau, oroitzapen oso politak ekartzen dizkidanak.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide