Zozketa

'Yarin' eta 'Chatungla' ikuskizunetarako sarrerak zozkatuko ditu Zarauzko Hitzak

Aritz Mutiozabal 2023ko apirilaren 18a

Zarauzko Udalak emanda, bina sarrera bikoitz zozkatuko ditu Zarauzko Hitzak bere irakurleen artean ondorengo emanaldietarako: ostiraleko Yarin dantza ikuskizunerako, eta igandeko Chatungla haur antzerkirako. Parte hartu nahi dutenek osteguneko 12:00etara arteko epea dute.

Apirilaren 29an Nazioarteko Dantza Eguna da, eta egun horri aurrea hartuz, ostiral honetan, apirilaren 21ean, Jon Maya eta Andrés Marín dantzariek Yarin ikuskizuna aurkeztuko dute Modelo aretoan, 20:00etatik aurrera. Jon Maya euskal dantzariak eta Andrés Marín bailaore andaluziarrak, Julen Achiaryren zuzeneko musikaz lagunduta, elkarrizketa zintzo batean egiten dute bat, kulturarteko topaketan. Emanaldia ikusteko Zarauzko Hitzak bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu irakurleen artean.

Igandean, apirilaren 23an, Teatro Silfok Chatungla haur antzerkia eskainiko du, txotxongilo eta guzti; Modelon izango da saioa, 16:45ean hasita. Sara eta Barbara animalia fantastikoen zaintzaileak dira, txapaz, egur pusketez eta lanabes zaharrez egindakoak. Izaki berezien taldea osatzen dute, eta, orain, prest daude ikuskizun handi eta ausart batean agertzeko. Ikuskizun honetarako ere bi sarrera bikoitz zozkatuko dira, eta parte hartzeko, honako lotura honetan eman beharko da izena.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide