Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotziak ohar bidez adierazi du ez dagoela ados Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarautzerako proposatutako saihesbidearen proiektuaren zati batekin, nahiz eta saihesbideari beharrezkoa deritzon. "Bai nik, bai PSE-EEk, nahi dugu ibilgailu astunen zirkulazioa herrigunetik Abendaño eta Errotaberri industrialdeetara eramango duen saihesbidea, baina uste dugu hori osatu beharra dagoela trafiko guztia kostako errepidera bideratzeko proiektuarekin", iritzi dio. "Azken hori amaituta legoke EH Bilduk ez balu guztia gelditu izan 2015ean instituzioetara iritsi zenean", gaineratu du.
Vazquezek azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz saihesbidearen gaur egungo proiektua aztertu dutela Ingurumen departamenduan, eta txosten teknikoa osatu dutela. "Txosten horrek jasotzen dituen puntu batzuk bidali zaizkio aldundiari, baina beste batzuk, alkatearen erabakiz, azken txostenetik ezabatu dira, eta gure ustez, garrantzitsuak ziren puntu horiek". Vazquezek esan du "haserre" dagoela txosten tekniko hori bere osotasunean kontuan ez hartzeagatik eta "hain proiektu garrantzitsuaren aurrean ez delako eztabaida zabalagoa bultzatu herria eta udalean".
Vazquezek esan du txostenetik kanpo uzti duten puntu garrantzitsuena Buztinzuri kaleko biribilguneari buruzkoa dela. "Zalantzazkoa da Buztinzuri kalean biribilgunea behar izatea, Itxasmendi auzorako sarreraren eta saihesbide berriaren artean. Uste dugu ez dela beharrezkoa, zirkulazio bakarra saihesbidetik iritsiko dena izango baita eta nahikoa bailitzateke semaforo bat jartzearekin".
Azken txostenean jaso ez duten beste puntua soinu inpaktuarekin lotutakoa da. "Saihesbide berriak zer soinu inpaktu eragingo duen aztertzea eskatzen zen hasierako txostenean, baina eskaera hori ez da sartu aldundira bidalitako txostenean. Azterketa egitea nahi dugu gero ekintza zuzentzaileak egin ahal izateko". Azkenik, Astiko hezegune parean egingo dituzten lanak aprobetxatzea eskatzen zuten gaur egungo betegarriak kendu eta hezegunea hobetzeko.
Bestalde, Vazquezek onartu du hasierako txosteneko gai batzuk helarazi zaizkiola aldundiari, kontuan har ditzan, "hala nola saihesbide berrian sortutako ezpondak birnaturalizatzeko proposamenak eta Eraztun Berde Urdina igaroko den oinezkoentzako eta bizikletentzako bidearen ertzetan zuhaitzak landatzea". Aipatzekoa da, halaber, Asti erreka autobidearen azpitik doan tiradera handitu egingo dela. "Ingurumen sailak eta Arkamurkak eskatutako jarduera da, eta Uraren Euskal Agentziak garrantzitsutzat jotzen du Zarautzen uholde-arriskua murrizteko", azaldu du PSE-EEko zinegotziak.