Haritz Astigarraga: "Jendea mugitu da, baina kontsumoa pixka bat jaitsi egin da aurtengo Garagardo Azokan"

Onintza Lete Arrieta 2023ko apirilaren 11

Aurtengo Garagardo Azokako irudi bat. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Atzo itxi zituen ateak XXI. Garagardo Azokak, eta Zarautz Rugby Taldeko zuzendaritzako kideak lehen balorazioa egin dio hedabide honi. Kontuak egiteko goiz den arren, iaztik "jaitsiera" nabaritu dute. Diru iturri garrantzitsua da azoka, are gehiago aurten, igoera fasea jokatzen ari baita taldea. Gainerakoan, azokan dena ondo atera dela nabarmendu du.

Nekatuta zebiltzan atzo arratsaldean Zarautz Rugby Elkartekoak. XXI. Garagardo Azokan sei egunez lanean aritu ostean, ordu gutxi batzuk falta ziren Munoako karpako ateak ixteko, eta azken egunetako lanaren pisua nabari zuten.

Haritz Astigarraga zuzendaritzako kideak hedabide honi lehen balorazioa egiteko tartea hartu zuen, ordea. Batetik, pozik zen boluntario askok egin dutelako lan –150 inguruk–, eta antolaketa txukuna eskaini dutelako. "Alde horretatik, primeran ibili gara". Baita "herritarrak gustura" nabaritu dituztelako ere, eta ez delako inolako istilu eta arazorik sortu.

Bestetik, sentsazio gazi-gozoa zeukan, beste urteekin alderatuta "jaitsiera" igarri dutelako: "Jendea mugitu da, baina kontsumoa pixka bat jaitsi egin da aurtengo Garagardo Azokan aurreko urteekin alderatuta", azaldu zuen.

Normala ere badela aitortu zuen, ordea: "Pandemiagatik  bi urtez Garagardo Azoka antolatu gabe egon ginen, eta iaz egin genuen pandemia osteko aurrena; lehenbiziko parranda ere orduan izan zen, eta jendea gogotsu harrapatu genuen. Beraz, normala da aurten pixka bat jaitsi izana kopuruak".

Urteroko herri bazkarian iaz 250 lagun elkartu ziren, "eta aurtengoan 200era ez dira iritsi", baina mus txapelketak indartsu eutsi dio: "Iaz 60 bikote izan ziren, eta aurten, 64".

Berrikuntza, ordaintzeko modua

Astigarragak nabarmendu du aurtengo berrikuntza nagusia ordainketa sistemari dagokiona izan dela, aurreneko aldiz aplikazio batekin QR kode bidez ordaintzeko modua jarri duelako Zarautz Rugby Taldeak. "Azken urteetan ikusten ari ginen jendeak eskuz beharrean txartelarekin ordaindu nahi zuela, eta eskaera horri erantzuten saiatu gara".

Aurreneko urtea izan da, probakoa, baina Astigarragak argi du "geratzeko etorri" dela. "Jendearen erantzuna positiboa izan da".

Ordaintzeko ez ezik, ticketak aurrez erosteko aukera ere eman du sistema horrek.

Urte osorako diru sarrera garrantzitsua

Errugbi taldearentzat diru iturri garrantzitsua da Garagardo Azoka. Astigarragak azaldu duenez, urteko diru sarreren %35 inguru da, eta horregatik, gogorra izan da bi urtez ezin egin ahal izatea. "Gerrikoa estutzea tokatu zaigu azken urteetan, eta genituen proiektuak edo ideia berriak atzeratu egin behar izan genituen".

Egoera horri buelta ematea lortu dutela uste du: "Iaz Garagardo Azoka egin ahal izan genuen bi urteko hutsunearen ondoren, eta jendeak oso ondo erantzun zuen, gorakada handia izan genuen. Aurten, normaltasunera itzuli gara, eta ikusiko dugu bihartik aurrera, fakturak iristen direnean, zein den aurtengo balantzea".

Zarautz Rugby Taldea elite mailan jokatzeko igoera fasean sartuta dago, eta horrek gastuak areagotu dituela gogorarazi du zuzendaritzako kideak. "Finalaurrekoak jokatzeko sailkatu gara, oso ondo gabiltza, baina bidaia luzeagoak ari gara egiten eta gastua handiagoa dela esan nahi du horrek, Almerian, Bartzelonan, Madrilen... aritu garelako lehiatzen. Denboraldia luzatzen ari zaigu, eta zentimo guztiak beharko ditugu horri buelta emateko".

Hurrengo partida larunbat honetan jokatuko dute etxean, Astin, 16:00etan, Zaragozako (Espainia) Fenix taldearen kontra. Jada sailkatuta daude hurrengo faserako, baina irabazi egin nahi dute, horren arabera finalaurrekoen bueltako partida etxean jokatuko luketelako. "Horregatik, ea zaleak Astira etortzen diren taldea animatzera".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide