Joan den asteazkenean zabaldu zuten Zarautz Rugby Taldeak antolatzen duen XXI. Garagardo Azoka, eta sei egunez, zarauztarrek eta bisitariek izan dute zer gozatua Munoan jarri ohi duten karpan. Jan-edanaz gain, izan ere, kontzertuak eskaini dituzte Fan & Go eta Slow Time Blues Band taldeek eta Andoni Oilokiegik eta Elortxa DJak, eta haurrentzako txokoa ere egon da aurtengoan, begirale eta guzti.
Gainera, ez da falta izan mus txapelketa eta herri bazkaririk.
Ohi bezala, irekiera herriko pertsona kutunak omenduz egin zuten oraingoan ere: aurtengoan, Ana Mari Esnal eta Miguel Anjel Juaristi omendu zituzten.
Hasten den guztiak izaten du bere amaiera, ordea, eta azokak gaur itxiko ditu ateak, 20:00etan. Garagardo Azokaz gozatzeko azken txanpa hau da, beraz.