Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) ohar bidez jakinarazi duenez, Garbigune berria eraikitzeko lanak "martxa onean" doaz. Aurreikuspenak betetzen badira, irailerako amaituko dituzte eraikin berria eraikitzeko lanak, eta 2023a amaitu aurretik martxan izango da zerbitzu berria.
Behin hori lortuta, eraikin zaharra botatzea da udal elkartearen asmoa, ondoren lurrak aztertu eta eremu hori urbanizatzeko.
Lan horietara 1,3 milioi euro bideratu ditu UKUEk. Garbigune berriaren ezaugarriei dagokienez, horrek 3.265 metro koadro izango dituela jakinarazi du udal elkarteak. Berrerabilpen gunea izango du, hondakinen kopurua gutxitzeko eta erabiltzaileek eramandako objektuak (erabilera berria izateko aukera dutenak) beste erabiltzaileek aske eta doan eraman ahal izateko. Horrez gain, Garbigune berria pisu handiko kamioak jasotzeko prestatuta egongo da eta horiek hondakinak deskargatu eta pisatu ahal izango dituzte. Era berean, edukiontziak iraulketa eginez hondakinak isuri ahal izateko antolatuko dira, isurketa hori azkarrago egiteko hondakinak bi aldeetatik bota ahal izango dira, edukiontzien bolumena ere ondo aprobetxatzeko.
Edukiontzi kopurua, egungo Garbigunearekin alderatuta, handitu egingo da; eraikin berriak hamabost edukiontzi izango ditu, eta autokonpaktagailuak ere jarriko dira, hondakinek bolumen gutxiago hartzeko.
Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariaren hitzetan, "Urola Kosta garbi, ekologiko eta jasangarri bat lortzeko bidean, Zarauzko Garbigune berria eskualdearen garapenerako ezinbesteko azpiegitura da. Inbertsioa sustatu, eta zerbitzu publikoak indartzera dator eta garapen jasangarri baterako ezinbesteko azpiegitura izateaz gain, herritarrei zerbitzu publiko egokiagoak eskaintzea eta lanpostu berriak sortzea ere ahalbidetuko du".
Gaur egungoa, "txikiegia"
Garbigune berria Urdaneta kalean ari dira eraikitzen, UKUEren egoitzaren ondoan, hain justu.
Gaur egungo Garbigunea Zubiaurreberri kalean dago, eta udal elkarteak nabarmendu duenez, "txikia" gelditu da. 2002an eraiki zuten, eta handik urte gutxira zabaldu zituzten kostako beste bi zerbitzuak: Zumaiakoa 2005. urtean, eta Orio-Aiakoa, 2010. urtean. "Zarauzkoa da txikiena eta, aldi berean, baita hondakin gehien jasotzen dituena ere. Azken urteetan, erabiltzaile eta hondakinen sarrera-erregistro gehien izan dituen Garbigunea izan da. Urtean zehar, eskualdeko hiru Garbiguneetan utzitako hondakinen erdia bertan erregistratzen da. Eta erabiltzaileei dagokionez ere, Aia-Orio eta Zumaiako zerbitzua erabiltzen dutenak bezainbeste dira Zarauzkoak", azaldu du udal elkarteak.
Gainera, udal elkarteak nabarmendu du Garbigunearen partzela "oso estua" dela eta horren azalerak, edukierak eta antolamenduak "asko mugatzen" dutela hondakinen kudeaketa egokia egitea. Horren erakusle, azaldu du kamioiek ez dutela sartzeko tokirik. Hala, 2020ko azaroan onartu zuten Garbigune berria eraikitzeko diru partida.