Photomuseumek antolatzen duen Argazki Bilerak 30 edizio beteko ditu aurtengoarekin. Aste Santuaren hasieran zabaldu zituzten erakusketak herriko hiru lekutan: Photomuseumen bertan, Sanz Enea kultur etxean eta Kale Nagusiko Torre Luzean. Argazkigintza mota desberdinak ikusteko aukera izango da leku bakoitzean.
Izan ere, herriko argazki zaharrak erakusketaz gain, argazkigintza dokumentalari eta artistikoari egin nahi izan diote lekua Argazki Bileraren aurtengo edizioan.
Bi artistaren lanak erakutsiko dira Photomuseumen uztailaren hasierara bitartean. Batetik, Erika Ederen Grosse Tropenhaus (Negutegi handia) bilduma izango da ikusgai maiatzaren 21era arte. Bilduma honekin, Edelek paisaia handi eta txikien (argazkiak eta testuak) ikuspegiak jasotzen ditu, "XVIII. mendeko espediziokideek itsasoaz bestaldetik espezie botanikoak ekartzen zituzten moduan katalogatzeko eta biltzeko asmoz. Bere kameraren lente sabelduaren azpian, Berlingo Negutegi Handiko kristalezko kupulen azpian bezala, irudi-landare hauek historia ezberdina jarraitzen dute hemen".
Maiatzaren 23tik uztailaren 2ra arte, aldiz, Justy Garciaren Bestaldetik bilduma izango da ikusgai. "Kontingentearen entsegu" gisa definitu dute Garciaren lana. Errealtzat hartzen den zerbait hartzen du abiapuntu bezala, "materiagabeak nahitaez garrantzitsu" bihurtuz.
Bi erakusketa hauek asteartetik igandera bitartean izango dira zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Argazki zaharrak Sanz Enean
Argazki Bileraren barruan, Zarauzko aspaldiko argazkiak ikusteko parada izango da Sanz Enea kultur etxean. Bertan, XX. mende hasierako beira estereoskopiko originalen kopia digitalak erakutsiko dira. Antolatzaileen esanetan, "orain arte museoko erakusketa iraunkorrean ikusgai dagoen bisore estereoskopiko baten barruan zeuden" argazki hauek.
Photomuseumeko kideek informatu dutenez, argazkigintza estereoskopikoa giza ikusmen binokularrean oinarritzen da, "eta beraz, bi irudi sortzen ditu (begi bakoitzeko bat), garunean elkartzen direnak, irudia hiru dimentsiotan sortuz. Argazki-kamerarekin propietate hori imitatzen da, bi objektibo erabiltzen dira irudia aldi berean hartzeko, eta emaitza gisa bi argazki antzekoak (ez berdinak) lortzen dira. Efektu tridimentsionala bisore egokiarekin ikusiz lortzen da".
Sanz Enean ikusgai daudenak, inguru eta eraikin ezagunetan –Villa Elvira eta Villa Teresa, Golfa, hondartza, Sanz Enea bera– egindako aristokrazia eta goi-klaseko familia-eszenen argazkiak dira. "Horrela, herria Kantauri itsasoko turismo-gune garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Hemen udako opor luzeez gozatzen zuten hondartzan jolasten, solasaldiak eginez eta tenis partidak jokatuz, eta hemen eraiki zituzten herriko hirigintza eraldatu zituzten txaletak".
Erakusketa hau maiatzaren 28ra arte bisitatu daiteke, astelehenetik igandera, 18:00etatik 20:00etara.
Txurroen infernua Torre Luzean
Pio Guerendarain argazkilariaren Vulkanoren Sutegia izeneko argazki bilduma izango da ikusgai Torre Luzean. Iruñeko Mañuetako txurro-dendan egindako argazki lana da hau, "berak hain ongi ezagutzen zuena eta Pradoko sutegia bezain mitikoa dena. Piok sutegi horri argazkiak egin dizkio olio, ke, egur eta bero artean, familia-tradizioari eusteko martxan jartzen den urteko egun gutxietan. Zalantzarik gabe, sanferminetan ezinbesteko hitzordua da", azaldu dute antolatzaileek.
Maiatzaren 21era arte izango da erakusketa hau bisitagai Torre Luzean, astelehenetik igandera, 18:00etatik 20:00etara.


