Eguraldia lagun zutela jokatu da goizeko lehen orduetatik XVII. Jose Angel Iribar futbol txapelketa. Kimuen kategoriako hamasei talde aritu dira nor baino nor. Gipuzkoarrak gehienak, bizkaitar batzuk ere bai.
Finalerdietan, Zarautz A-k 3-0 emaitzarekin irabazi dio Realari; Athleticek eta Lengokoakek, berriz, bana amaitu dute, eta penaltietan hobeto moldatu dira bizkaitarrak. Beraz, Zarautz A-k eta Athleticek jokatu dute txapelketako finala, hamar minutuko bi zatitan banatuta.
Finalean, Ahletic hobeto aritu da eta 0-2 emaitzarekin jarri da aurretik. Atsedenaldia baino lehen zarauztarrak aldea murriztu dute penaltiz sartutako gol bati esker. 1-2 emaitzarekin bukatu da lehen zatia. Bigarrenean aldea handitu du Athleticek (1-3), baina partidaren hondarrean partida berdindu du Zarautzek falta bidez sartutako bi golekin. 3-3 emaitzarekin bukatu da partida, eta penaltietan erabaki da txapelketa. Hor etxekoek gehiago asmatu dute, eta beraiek jaso dute txapeldunaren garaikurra.