Ez da futbol faltarik izango Aste Santu honetan ere Zarautzen. Ohikoa duenez, Zarautz Kirol Elkarteak haur eta gaztetxoen futbol txapelketak antolatu ditu. Gaur eta bihar jokatuko dira partidak Asti futbol zelaian.
Bihar, ostirala, goizeko 9:30etik aurrera, XVII. Jose Angel Iribar txapelketa jokatuko da. Kimuen mailako mutilek jokatuko dute, hau da, 2011. urtean jaiotakoek. Lau multzotan banatuko dira txapelketan arituko diren klubak: A multzoan, Zarautz A, Aretxabaleta, Aurrera eta Lekeitio; B multzoan, Reala, Amaikak Bat, Zarautz B eta Euskalduna; C multzoan, Athletic, Ordizia, Orioko eta Touring; eta D multzoan, Zarautz C, Danena, Oiartzun eta Lenngokoak.
Arratsaldean, berriz, infantil mailako nesken txanda izango da. Zarauzko infantil nesken IV. txapelketa izango da jokoan Astin, 15:30ean hasita. Bosna taldeko bi multzotan banatuko dira parte-hartzaileak. A multzoan Reala, Goierri Gorri A, Martutene, Orioko eta Zarautz B arituko dira; eta B multzoan Goierri Gorri B, Zumaiako, Touring, Amaikak Bat eta Zarautz A.
Larunbatean, goizez, jubenil mutilen XXV. Gonzalo Urquia txapelketa jokatuko da. Partida hauek ere goizeko 9:30ean hasiko dira. Lau multzotan banatuko dira hemen ere taldeak: A multzoan, Zarautz A, Danena eta Baztan; B multzoan, Zarautz B, Arnedo eta Lekeitio; C multzoan, Reala, Ordizia eta Touring; eta D multzoan, Aurrera, Orioko eta Lengokoak.
Bizikletan bertaratzeko gonbidapena
Ikusle ugari espero denez, herritarrei oinez, bizikletaz eta autobus urbanoaren bidez bertaratzea eskatzen diete antolatzaileek. Kanpotik Zarautzera joango direnei, izan autobusez izan kotxez, leku guztiak betetzea eskatzen zaie.