Autobus urbanoaren "utzikeria" salatu du Zarauzko EH Bilduk

Juan Luis Romatet 2023ko apirilaren 6a

Autobus urbano bat Zarauzko kaleetan. (Juan Luis Romatet)

Autobus urbanoaren gaia eraman zuen Zarauzko EH Bilduk pasa den astean egin zen plenora. Koalizioaren arabera, "garrantzia kapitala" duen zerbitzuaren zaintza ez da behar bezala egin. 

Zarauzko autobus urbanoaren gaia eraman zuen EH Bilduk pasa den astean egin zen martxoko udalbatzara. Koalizioaren arabera, udal zerbitzu honen kudeaketan "utzikeria" somatu dute, eta horren inguruko kexak ere jaso dituztela nabarmendu dute ohar baten bidez.

Itziar Murua alkategaiaren esanetan, "hainbat kexu heldu zaizkigu azken astetan, edo autobusak pott egin eta botata utzi dituelako, edota autobusa atea zabalik joan delako edo beste matxuraren bat duelako”, salatu dute. Ohiko erabiltzaileekiko "errespetu falta" dela iritzi dio Zarauzko EH Bilduk. "Egun batzuetan linea bat edo beste ez dago indarrean eta autobusa zaharkitua dago. Ez da eguneratzeko arretarik eskaintzen, eta hau hainbatetan gogorarazi diogu udal gobernuari", gaineratu du.

Salatzaileen esanetan, udal organoetan jakitun dira autobus hauen egoeraz. "Baldintza txarrean" daudela informatu izan dutela gogorarazi du EH Bilduk, eta, beraien esanetan, "mantenimendu lanari arreta behar beharrezkoa" dela. 

"Zerbitzua nola dagoen ikusita, garaiz egin behar zen lizitazio berria. Benetan abuztuan egitea ez bada komeni, aurreratu eta aurreko urtarrilean egin behar zen, eta ez hurrengora atzeratu. Zerbitzuak hobekuntzak orain eta urgentziaz behar ditu, matxura gehiago izan eta zarauztarrei zerbitzua eman gabe utzi aurretik", azaldu du Muruak.

"Garrantzia kapitala"

Zarauzko EH Bilduren ustez garraio zerbitzu honek "garrantzia kapitala" du herrian, "auzo ezberdinen arteko lotura egiteko baliagarria delako, eta bestetik, euria egiten duen egunetan eskolara zein herriko zerbitzuetara jendea hurbiltzeko ezinbesteko ibilgailua bihurtu delako zarauztar askorentzat".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide