Santa Klara komentua eraberritzeko hiru milioi euro lortu ditu udalak Europako Funtsetik

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko apirilaren 5a

Irune Urbieta kultura zinegotzia eta Xabier Txurruka alkatea Santa Klarako proiekturen argazkiak eskuetan dituztela. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udalak Santa Klara komentua eraberritu eta ekipamendu soziokulturala bihurtzeko proiektua Next Generation funtsaren diru-laguntza deialdira aurkeztu zuen. Deialdiaren oinarrietan zehazten da lanek urtebete baino lehen hasi eta 2026ko martxoaren 31rako amaituta behar dutela.

Zarauzko Udalak gaur eguerdian jakinarazi du Next Generation funtsen diru-laguntza deialdira Santa Klara komentua ekipamendu soziokultural bihurtzeko birgaitze eta eraberritze proiektua aurkeztu zuela, eta 3.000.000 laguntza lortu duela. Xabier Txurruka alkateak prentsa agerraldian azaldu duenez,  "2022ko martxoaren 11n,  Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioak erabilera publikoko eraikinak zaharberritzeko diru-laguntza lerroaren deialdia aurkeztu zuen. Deialdiaren helburua zen erabilera publikoko eraikinetan birgaitze jasangarria oinarri duten esku-hartzeak sustatzea". Horretarako, tokiko erakundeentzat 600.000.000 euro bideratu zituen, norgehiagoka bidez banatzeko.

Deialdiaren behin-behineko ebazpena argitaratu du ministerioak eta Santa Klara komentu birgaitzeko proiektuari 3.000.000 euroko gehienezko laguntza eman dio. "Guztira, 1020 proiektu aurkeztu dira Next Generation funtsen laguntza deialdi horretara, eta Zarauzko Udalaren proiektuak 19. puntuaziorik onena lortu du, Ministerioak balioetsitako betekizunetan oinarrituta. Gainera, hiru milioi euro jaso dituzten proiektuen artean lehenengoa izan da. Aipatzekoa da guztira 15 izan direla hiru milioi euroko gehienezko laguntza lortu dute Espainia oso toki-erakundeek aurkeztutako proiektuak", argitu du Txurrukak.

Santa Klara komentua eraberritzeko proiektuak 8.688.701,90 euroko aurrekontua du, eta erabilera programa zabala finkatzen duela azaldu du alkateak, "elkartzeko, formakuntzarako eta erakusketa eta bitartekaritza-guneak barne hartzen dituena". Deialdiaren oinarriek zehazten dute birgaitze-lanek urtebete baino lehenago hasi behar dutela, eta proiektuak amaituta egon behar duela 2026ko martxoaren 31 baino lehen. "Udaltzaingoaren eraikina birgaitzeko diru-laguntza ere jaso genuen, eta bagenekien Santa Klarako proiektuan ere urtebeteko epean lanak abiatu beharko genituela, beraz, ez gaitu ezustean harrapatu prozedurak". Orain proiektua martxan jartzea da "erronka" Xabier Txurrukaren esanetan,. "Datorren udalbatzak buru-belarri heldu beharko dio gai honi epeak betetzeko, hiru milioi euro horiek lortu nahi baditugu, epeak ez baditugu betetzen, diru hori guk jarri beharko dugulako. Lan asko egin beharko da, baina oso gai ikusten dut Zarauzko Udala, bertako teknikariak eta departamenduak honi erantzun azkarra eman eta proiektua gauzatzeko", berretsi zuen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide