Yolanda Arrietak 'Mari Gonagorri eta hamazazpi berri' lanarekin irabazitako Lizardi Saria jaso zuen atzo Modelo Aretoan ospatu zen ekitaldian. Bertan egon ziren, Yolanda Arrietaz gain, Xabier Txurruka alkatea, Miren Agur Meabe idazlea, Enrique Morente ilustrazailea, Castillo Suarez epaimahaikidea eta Imanol Urbieta Musika Eskolako kideak.
Ekitaldiaren aurkezpenaren ondoren, Miren Agur Meabek bi manifestu irakurri zituen eta irabazlea zoriondu zuen. Segidan Imanol Urbieta Musika Eskolako musikariek Benito Lertxundiren 'Oi Lur, Oi Lur' abestia kantatu zuten.
Jarraian, Suarez epaimahaikideak lana irabazle hautatzearen azalpena eman zuen: "Irudimenezko istorio bat da; testuarekin bakarrik urrutira eraman gintuen, eta gaur egun irudi eta pantailaz inguratuta gauden honetan hori oso zaila da". "Irudi eta fantasiaz beteriko mundu baterako gonbitea da", aipatu zuen Suarezek.
Jose Luis Zumetak egindako ilustrazioa jaso ondoren, Arrietak hartu zuen hitza. "Ipuinetik bizi naiz, eta ipuinak egin behar dira; bizitza erdi daramat honetan eta gustora egiten dudan zerbait da", azaldu zuen irabazleak. "Euskaraz sortu behar dugu euskaraz amets egiten jarraitzeko". Familiari, lagunei eta antolatzaileei eskerrak emateko ere baliatu zuen tartea irabazleak.
Xabier Txurruka alkateak ere irabazlea zoriontzeaz gain, "eskerrik beroenak" eman zizkien antolatzaileei, parte-hartzaile guztiei, Kultura Saileko kideei eta epaimahaikideei: "Eskerrik asko zuen inplikazioagatik, eta birsortze honetan izandako aitatasun eta amatasun honegatik". "Miren Agur Meabe zuri ere eskerrak eman nahi dizkizut irakurritako bi manifestuengatik, altxor bat entzun dugula iruditu zait", gaineratu zuen Txurrukak. Lizardi Sarien 42. edizioaren aurkezpena egin zuten azkenik; oraingoan gazteei zuzendutako lanak aurkeztu beharko dira, eta uztailaren 14ra arte daukate parte-hartzaileek lanak bidaltzeko aukera. Ekitaldiari amaiera borobila emateko Imanol Urbieta Musika Eskolako kideak beste bi abesti eskaini zituzten.