Amaitu da Zarauzko Udalak martxoan abian jarri zuen ‘Appa Zarautz’ ekimena, eta udalak haren balorazio positiboa egin du. Martxoaren 1etik 18ra bitartean, egunero, herriaren egunerokotasunarekin eta etorkizunarekin lotutako zazpi galdera erantzun dituzte jokalariek, eta galdera-erantzunen jokoak 1.000 parte-hartzaile baino gehiago izan ditu bere lehen edizioan.
Ekimena Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren barruan dago. Plana 2022ko urrian onartu zuten Udal talde politiko guztiek, eta herriko askotariko agenteen parte hartzearen emaitza izan da. Udalak azaldu duenez “2023. urtea bitarteko ibilbide orria da, bost lerro estrategiko, 22 programa eta 117 ekintza jasotzen ditu, udalerriaren etorkizuna eta hori gauzatzeko moduak marrazten ditu, herri osoaren parte-hartzea bermatzea helburu duen lankidetza-eredu aurreratu batean oinarrituta”.
“Agenda 2030 eta honen helburuekiko Zarautzek egin duen apustua aitzindaria da, eta formatu hau ere oso berritzailea izan da, oso pozik gaude lortutako atxikimenduarekin”, azaldu du Xabier Txurruka alkateak. Txurrukak adierazi duenez, “ekimena gizarte berrikuntzarako ariketa bat izan da”, eta lortutako emaitzei esker, “amets” egiten jarraituko dutela gaineratu du: “Appa Zarautzek eskaintzen dizkigun aukerak baliatu eta herritarrekin konektatzera iristeko ekintzak diseinatuko ditugu”.
Bestalde, udalak ekimenak izan duen harrera ona azpimarratu nahi izan du: “Aplikazioa oso arrakastatsua izan da eguneko erronka formatuagatik, baita irudi, eduki eta sarien erakargarritasunagatik ere”. Aplikazioa CodeSyntax enpresak garatu du, ‘Egunean behin’ jokoaren modeloan oinarrituta. “Asko dira sortu eta garatzen hastea lortzen ez duten aplikazioak, baina, ikastetxeen babesari esker eta zuzendaritza ezberdinek egindako lanari esker, gazteekin konektatzea eta Zarauzko egunerokotasunera gerturatzea lortu dugu”, adierazi du Iker Basurkok, Proiektu Estrategikoen, Berrikuntzaren eta Agenda 2030aren zinegotzi arduradunak. “Formatu honen arrakastak beste publiko bati zuzendutako online ekimenak antolatzeko aukera zabaltzen digu, Agenda 2030 Zarautzen dinamizatzea helburu”.
Ekimena martxoaren 24ean amaitu zen, Modelo aretoan antolatutako ekitaldiarekin. Bertan, Kai Nakai abeslaria, eta Andoni Iruretagoiena (Izeta VI.) kirolariek hartu zuten parte; biak ekimenaren sustatzaileak izan dira, Nadia Erostarbe surflari zarauztarrarekin batera. Ekitaldia Julen Portillo komiko zarauztarrak aurkeztu zuen eta, bertako merkataritza eta ostalaritza establezimenduek emandako sariak zozkatu ziren. Ekitaldiaren bideoa esteka honetan ikusgai.