Lizardi Sariaren sari banaketa egingo dute igande honetan Modelo Aretoan

Intza Trula 2023ko martxoaren 31

Yolanda Arrieta Lizardi Sarien 41. edizioko irabazlea (Utzitakoa).

Igande honetan, apirilaren 2an, haur eta gazte literatura suspertzeko udalak antolatzen duen lehiaketaren sari banaketa ospatuko dute.

Lizardi Sarien 41. edizioko irabazleen sari banaketa ospatuko dute asteburu honetan; igandean izango da, eguerdiko 12:00etan Modelo Aretoan. Yolanda Arrieta da ‘Mari Gonagorri eta hamazazpi berri’ lanarekin aurtengo edizioko irabazlea, eta Jose Luis Zumeta artistak egindako lamina jasotzeaz gain, 5.500 euro ere jasoko ditu Arrietak. Halaber, Zarauzko Udalak beste 1.000 euroko ekarpena egingo du Denon Artean argitaletxeak argitaratu duen lanean Enrique Morente ilustratzailearen lana ordaintzeko.

Horrez aparte, ekitaldian Castillo Suarez epaimahaikideak Arrietaren lana irabazle hautatzeko balorazioaren azalpena emango du, eta ondoren, Miren Agur Meabek haur eta gazte literaturaren inguruan prestatutako manifestua irakurriko du. Horiez gain, Zarauzko Imanol Urbieta Musika Eskolako musikariek ere parte hartuko dute ekitaldian. Sari banaketaren ekitaldia 12:00etan hasiko da Modelo Aretoan, eta sarrera doakoa izango da aretoaren edukiera bete arte.

42. edizioaren aurkezpena

Igandeko ekitaldian 41. edizioko irabazlea saritzeaz gain, datorren edizioari hasiera emango zaio. Lizardi Sarien 42. edizioan Gazte Literaturaren txanda izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide