Batek baino gehiagok du ohitura poltsikora begiratu eta bere sosak non gastatu nahi dituen erabakitzeko. Azkenaldian, ordea, ekintza hori ohitura baino gehiago beharra bihurtu da. Izan ere, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, urtarrilean %5,8ra egin zuen gora KPI kontsumorako prezioen indizeak, eta otsailean %5,9an kokatu da Hego Euskal Herrian.
Horrek, ezinbestean, eragina izan du elikagaien prezioaren igoeran. Horren erakusle da Berria egunkariak orain dela pare bat aste argitaratutako artikuluan emandako datua: %15,8 garestiago ordaindu ziren elikagaiak otsailean –2022ko otsailean %5,3koa zen datua–. Artikulu beraren arabera, 2021ean inflazioa nabarmen gora egiten hasi zenetik, jakien tasa handiena duen hilabetea izan da otsaila.
Eta zeintzuk dira elikagai katearen barruan egoera horren ondorioak jasaten ari direnak? Juan Mari Amenabar Azpeitiko Azkune fruta dendako kideetako bat da, eta hark azaldu duenez, "modu gordinean" ari dira bizitzen prezioen igoera. Beraiek beste ekoizle batzuei erosten dizkiete frutak eta barazkiak, eta haiei ekoizpena garestitu zaien momentutik, beraiek ere garestiago erosi behar dituzte elikagaiak. "Frutaren kasuan, gainera, egun batetik bestera garestitzen dira prezioak, eta horrek tentsioa areagotzen du", gaineratu du.
Amenabarrek adierazi duenez, "klima faktoreek ere eragina dute elikagaien prezioaren igoeran, baita argiaren edo gasolinaren garestitzeak ere". Eta igoera irudikatzeko datu batzuk ere eman ditu azpeitiarrak. 2022. eta 2023. urteak alderatuta, azenarioaren prezioa %60 igo dela adierazi du, eta tipularena %55-60 inguru. Azaren balioak ere %55eko igoera izan duela dio.
Erosleek antzeman dute igoera hori. Amenabarrek azaldu du herritar batzuek galdetu dietela prezioak igo dituztela nabaritutakoan, baina horren aurrean ahalegindu dira erabakiak hartzen Azkunekoak. "Guk ere irabazi behar dugu bizitzeko, baina saiatu gara irabazien marjina txikitzen eta erosleen lekuan jartzen, aldaketa txikiagoa nabaritu dezaten".
Gorka Silban Zarauzko Ametsola etxalde ekologikoko kidea, aldiz, saltzailea eta ekoizlea da. Haren hitzetan, arlo ekologikoan lana egiteak ez die "hainbeste eragin prezioetan", baina jasan dituzte inflazioaren ondorioak. Erregaien garestitzeak eragin die gehien, eta horrek ondorioa izan du euren produktuen prezioetan.
Dena den, zarauztarrak argi utzi nahi izan du merkatuan egon diren igoerak txikiagoak izan direla supermerkatu handietakoak baino. Eta hausnartu du: "Pandemian garbi ikusi zen zer garrantzi duen bertakoak eta horrek konfiantza ematen duela. Alde horretatik, oso garrantzitsuak dira azokak bezalako espazioak, baita ekoizle txikiak elkartzea ere". Helburu horrekin jaio zen Merkatua Bizirik elkartea, erosketa eta kontsumo ohiturek azken hamarkadetan izandako aldaketek kezkatuta, Merkatu plazan saltzen duten baserritar eta dendariek indarrak batzeko.
Herritarren konpromisoaz gain, erakundeen "benetako konpromisoa" eskatzen du Silbanek. Izan ere, haren ustez, "ahoa betetzen zaie agintariei bertakoa babestu behar dela esanez, baina ez dute hori egiten".
"Etorkizuna oso ilun dago, eta ezer ez bada egiten, gazteak ez dira sektore honetara etorriko. Orduan ez da atzera bueltarik egongo, eta damutu egingo gara", adierazi du zarauztarrak kezka handiz.
Bukaeran, herritarrak
Eskaileraren azken mailan daude kontsumitzaileak. Ainhoa Arzalluz azkoitiarra da horietako bat, eta hark esan duenez, "geroz eta gehiago" begiratzen dio prezioari erosketak egitera joaten denean. Gainera, azaldu du ezin duela nahi duen guztia erosi.
Prezioei erreparatzeaz gain, eskaintza berezien bila ere aritzen da azkoitiarra. "Gustukoen ditudan supermerkatuetako aplikazioak ditut eskuko telefonoan, eta horietan jartzen dituzten eskaintza interesgarri asko aprobetxatzen ditut", adierazi du.
Horrez gain, "janaria ez botatzen" saiatzen da Arzalluz. Dioenez, «oso kontu agerikoa» ematen du horrek, baina uste baino gehiago aurrezten da horri pixka bat begiratuta. Eta barrez gehitu du: "Gurasoen etxean otorduak egiten ere saiatzen naiz, edo handik prestatutako janaria hartzen nire etxerako". Izan ere, haren hitzetan, elikagai batzuk, arraina, kasurako, ezin ditu beti erosi, eta haserre adierazi du horrek osasunean eraginak ere izan ditzakeela: "Ezin badut arrain freskoa erosi, horrek eragina du nire dietan".
Gainera, azkoitiarrak uste du igoera ez dela elikagaiena bakarrik, eta gaztea izanda, "ziurgabetasun handiagoa" sortzen duela horrek. "Gazteok beti dena gaizki egiten dugula diote, baina egoera asko jasanezinak egiten zaizkigu, eta sekulakoak egin behar ditugu lasai aurrera egin ahal izateko", gaineratu du.
Hori horrela, prezioak gehiago ez igotzea "asko eskertuko" lukeela dio azkoitiarrak. "Leku batzuetan alokairuarekin egin dutena egin dezakete elikagaiekin; hau da, prezioei muga jarri. Ziur nago guztiok eskertuko genukeela hori", azpimarratu du kontsumitzaileak.