Ibilbide oparoa du euskal letren errepublikan Usurbilgo bizilagun Yolanda Arrietak (Etxebarria, Bizkaia, 1963), baina batik bat haur eta gazte literaturan egindako lan eskergagatik da ezaguna. Hainbat dira lortu dituen aitortzak –esaterako, 2015eko Euskadi saria–, eta, aurten, 41. Lizardi literatur lehiaketa irabazi du, Mari Gonagorri eta hamazazpi berri lanari esker. Agian, zintzilik zeukan sarietako bat zen, baina idazleak aitortu du ez dela horren bila ibili. "Baina zer gertatzen da? Bizitza erdia daramadala ipuinetatik bizitzen".
60 urte beteko ditu aurten, eta 30 urte pasa daramatza lanak argitaratzen. "Ez da erraza. Lehen hamabost urteak altak eta bajak emanez, beste lan batzuk eginez, eta azken hamabostak autonomo gisa. Orduan, ezin da makina gelditu", nabarmendu du idazle bizkaitarrak. "Sortzaileok behar duguna da denbora eta patxada sortzen jarraitu ahal izateko, eta horretarako behar ditugu sormen bekak, eta literatur sariak ere bai". Euskal sortzaileek askoz gehiago dutela "artisautik glamourretik baino" gaineratu du Arrietak, eta beren lana egiteko lagungarri diren beken aldarria egin du, "lehiakideak baino, lagunak" direlako.
Urte askoan Lizardi sariketako epaimahaikide izan da idazle bizkaitarra, baina oraingoan bera jarri da hesiaren bestaldean, lehiaketan parte hartuz. Hain zuzen ere, eraberrituta plazaratu zen sariketa duela urte pare bat, eta oinarrien berritze horretan aritu zen Arrieta. Orain, berak eta orduko epaimahaikideek eskatzen zituzten parametro literarioak praktikara eraman ditu.
Guztira, hamahiru lan aurkeztu dituzte aurtengo ediziora, eta Castillo Suarezek, Kati Olaizolak eta Ibon Egañak osatuko epaimahaiak ez du zalantzarik izan; Arrietaren ipuinaren alde egin du. "Oparitzeko liburu bat egin nahi nuen. Liburu objektu bat landu nahi nuen, irauteko modukoa", adierazi du garaileak. Saria igandean jasoko du, 12:00etatik aurrera, Modelo aretoan egingo duten ekitaldian. Bertan, Miren Agur Meabe idazleak irakurriko du manifestua, eta Imanol Urbieta musika eskolako musikariek ere parte hartuko dute.
"Hagin berria ekarri!"
Bulkadak liburu berri bihurtzea da Arrietaren xedea, eta ahalegin horretan ez errepikatzea, gauza berriak egitea eta ahalik eta ondoen egitea. "Betiere sortzen dudan hori zaintzea, ez dadila izan bat gehiago". Ahal den neurrian bere lana berezia izan dadin nahi izaten du, eta hori aurrera eramateko laguntzak beharrezko direla aldarrikatu du. Mari Gonagorri eta hamazazpi berri lanarekin, hain justu, bi gauzak uztartu ditu: alde batetik, Usurbilgo Sormen Bekara aurkeztu zuen ipuinaren proiektua, idazketa prozesuan murgildu ahal izateko; eta bestetik, lana behin idatzita zeukanean, beste bultzada bat behar zuenez, Lizardi sarira aurkeztu zuen.
Ipuinaren abiapuntuaren inguruan zera kontatu du: "Nik neuk ez dut erabili, baina nire gurasoek erabili izan dute figura bat esne hortzak erortzerakoan: Mari Gonagorrirena, alegia. Gainera, hainbat abestitan agertu izan da; esaterako, Oskorrirenetan. Esne hortza erortzen denean, sutara edo teilatura botatzen da, eta formula magiko hau esaten da: "Mari Gonagorri, eutsi hagin zaharra eta berria ekarri!". Literatur tailerretan maiz erabili izan dut formula hori, eta ideia horri buelta asko eman dizkiot urteotan". Haren ibilbidean ahozko transmisioak leku nabarmena izan du, baita ipuin irabazlean ere. "Tradizioa irudimen bilakatuta, aurrera begira".
Ez du Perez saguaren kontra agertu nahi, baina "kontrapuntua" egin nahi diola aitortu du: "Gaur egun, baditugu Errege Magoak, Olentzero, Bizarzuri, San Nikolas... eta bakoitzak nahi duenari eskatzen dizkio opariak». Beraz, Mari Gonagorri aukera bat gehiago litzateke, eta bertakoa da, gainera. Maitagarri bat dela dio idazleak, baina ez Disney faktoriaren moldeko "maitagarri arrosa". Argi eta garbi utzi du maitagarriak ez direla gauza "ñoñoak", batez ere helduen aurreiritzien aurrean. "Baizik eta, sinbolo aldetik, gure barruko indar eraikitzaileen irudiak dira".
Liburua haurrek eta "haien tribukideek" irakurtzeko idatzi duela nabarmendu du Arrietak. Tira, irakurtzeko, antzezteko, ahoz gora irakurtzeko, hausnartzeko, tertulia egiteko, galderak egiteko... Enrique Morente ilustratzailearen irudiekin atonduta dago, gainera. Oro har, gorazarre egin nahi izan dio esne hortzak erortzen diren aldi horri, 9 urte bitarteko haurtzaroko sasoiari. "Esne hortzak erori bitartean oraindik jolas egin dezakezu, errealitatea eta fantasia uztar ditzakezu, hitzak atzekoz aurrera irakur ditzakezu... Oraindik, gizarteak baimena ematen dizu haur izateko, aldi horri zukua ateratzeko, eta aldi hori inoiz gehiago ez da errepikatuko". Zoritxarrez, idazleak iritzi dio egungo gizartea neska-mutikoen haurtzaroa erretzen ari dela. "Eta ezingo gara atzera itzuli".