Trenbidea lurperatzeko adierazpen instituzionala egingo dute biharko udalbatzarrean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko martxoaren 29a

Ohi bezala, hileko azken ostegunean bilduko da Udalbatza martxoko osoko bilkura egiteko. 19:00etan hasiko dute ohiko plenoa.

Martxoko udalbatzarra egingo dute bihar arratsaldean, eta hilero bezala, gai ugari aztertuko dituzte. Lehenik eta behin, joan den otsaileko osoko bilkuran zinegotzi karguari uko egin zioten Mikel Goenaga eta Begotxu Olaizola ordezkatuko dituzten zinegotzi berriek karguari zin egingo diote, eta ondoren, Zarautz erdibitzen duen trenbidea lurperatzeari buruzko adierazpen instituzionala izango dute hizpide. Lurperatzearen aldeko akordioa eta konpromisoak jasotzen ditu adierazpenak. Halaber, Patxi Elola Kooperazio eta Lorezaintza zinegotziak jakinaraziko du utzi egingo duela udaleko soldata kobratzeari erretiroa hartuko duelako.

Horrez gain, behin betiko onartuko dituzte Salberdin areako zenbait partzeletan egindako xehetasun azterketak. Amaitzeko, berriz, EH Bilduren eta Podemos Equo Berdeen udal taldeek aurkeztutako proposamena ere izango dute aztergai. Zarauzko kiroldegian lan egiten duten BPXport XXI SLU enpresako beharginen eskaerekin du zerikusia proposamenak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide