Roberto Garciarentzat izan da Maestros Parrilleros lehiaketako txapela

Aritz Mutiozabal 2023ko martxoaren 26a

Maestros Parrilleros lehiaketaren bigarren edizioko garailea eta finalistak. (ZAE)

Alejandro Farace almeriarrak, Diego Corrales valentziarrak eta Mitxel Suarez arabarrak osatu zuten podiuma, atzo Txuleta Festaren barruan jokatutako lehiaketan.

Zarautz Arraun Elkarteak antolatutako Txuleta Festaren barruan,  Gesalaga Okelan enpresak gidatutako Maestros Parrilleros lehiaketaren bigarren edizioko finala jokatu zuten atzo eguin osoan Muno plazako karpan. Espainiako 52 parrillero onenak aritu ziren goiz eta arratsaldeko kanporaketetan, eta, azkenean, Avilako (Gaztela eta Leon, Espainia) Milano Real hoteleko Roberto Garcia sukaldaria izan zen garaile.

Askotariko jendez osatutako epaimahaikide zabal bat aritu zen lehiakideen lana baloratzen, eta haien botoen arabera, sailkapen bat egin zuten. Hala, jardunaldiko lau parrillero onenek finala jokatu zuten arratsean  Garcia garailea izan zen, Almeriako (Andaluzia, Espainia) Martin Fierro erretegiko Alejandro Farace bigarren, Valentziako (Herrialde Katalanak) Belua jatetxeko Diego Corrales hirugarren eta Arabako Borda Berri erretegiko Mitxel Suarez laugarren.

Gaur, berriz, Txuleta Festa Bandera Lehiaketa egingo dute, herriko 16 elkarte gastronomikoren parte hartzerekin. Era berean, aitortza egingo diete ZAEren 40 urteko ibilbidean klubean aritu diren presidente eta entrenatzaile guztiei.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide