Gutuna

Ikastolan nahi ditugu

Erredakzioa 2023ko mar. 25a, 09:30

Salbatore Mitxelena Ikastola.

Hezkuntza Sailak datorren ikasturterako matrikulazio kopurua mugatu nahi duela eta, Salbatore Mitxelena Ikastolako Guraso Batzordeak ondorengo gutuna helarazi du. Era berean, elkarretaratzea deitu du astelehenerako aipatu egoera salatzeko.

"Aurtengo matrikulazioa dela eta, gure Ikastolako familia berriak jasaten ari diren sufrimenduaren berri eman nahi genuke. Egoera oso larria da, kezkatuta gaude eta Ikastolako komunitate osoaren zein herritarren babesa beharrezkoa dela iruditzen zaigu.

Hezkuntza Lege berria dela eta, Hezkuntza Sailak matrikulazio kopurua mugatu du 2023-24 ikasturterako eta gure Ikastolari, Salbatore Mitxelena Ikastolari, 50 ikasleko langa ezarri diote. Kontua da, 55 familiak eman dutela izena, eta, horrenbestez, Hezkuntzak ezarritako kopurua gainditu dugunez, Salbatore Mitxelena Ikastolan inoiz egin ez dena egitera behartu nahi gaituzte: zenbait familia kanpoan uztera, alegia.

Hori horrela izan ez dadin, Ikastola bezala Hezkuntza Sailera gure desadostasuna adierazi eta erabakia aldatu dezan eskatu diogu eta baita Ikastola Elkarteari babesa eskatu ere.

Horretaz gain, Batzordeko gurasook zein guraso berriek, elkarlanean, hainbat ekimen egitea adostu dugu eta egoera hau salatzeko asmoz, Elkarretaratzea egingo dugu, martxoaren 27an, astelehenean, arratsaldeko 16:45ean, Ikastolan, guraso berriei komunitate osoaren babesa emateko.

Guk garbi daukagu, Ikastolan nahi ditugu izena emandako familia guztiak, ez dugu inor kanpoan utzi nahi. Horregatik, ez dugu etsiko eta gure esku dagoen guztia egingo dugu gurean izan daitezen. Elkarrekin egingo dugu Ikastolarako bidea!".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide