Ainize Txopitearen 'Memoria' erakusketa ikusgai dago Emakumeen* Etxean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 21a, 09:45

Udaleko parekidetasun departamentuak antolatu du Martxoaren 8aren harira hilabete osorako prestatu duen egitarauaren barruan eta apirilaren 14ra arte egongo da zabalik.

Zarauzko Emakumeen* Etxea Ainize Txopitea artistaren azken proiektuaren erakusleiho da joan den ostegunaz geroztik. 'Memoria' izena jarri dio mostrari eta 20 urteko ibilbideko epe desberdinetan sortu dituen lanak bildu ditu Zarautzekin lotura estua duen artistak. Hori bai, emakumea izango da protagonista ia guztietan. Horren erakusle garbiena da erakusketa zabaltzen duen lehen lana: aurtengo Martxoaren 8ko kartel lehiaketa diseinu irabazlea; izan ere, Txopitea da sortzailea.

Mostra apirilaren 14ra arte izango da ikusgai ondorengo ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera 10:30etik 12:30era eta 15:30etik 20:30era. Zehaztu behar da halaber, erakusketari ongi etorria emateko inaugurazio ekitaldia egin zutela joan den ostegunean eta bertaratu zirenek Txopiteak berak emandako azalpenak entzuteko aukera izan zutela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide