ZKEren egoitzan jokatu da Gipuzkoako Xake Txapelketaren bederatzigarren jardunaldia

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 13a, 10:10

Larunbateko jardunaldia, ZKEren egoitzan. (ZKE)

Txapelketa amaitzeko bi jardunaldiren faltan, "sentsazio gazi-gozoekin" daude zarauztarrak. Lehen mailakoak mailaz ez jaisteko "borrokan murgilduta" daude, eta Preferentekoak, berriz, "nahiko ondo bideratuta" aurengo helburua; hots, mailari eustea.

Zarauzko xakelariak "sentsazio gazi-gozoarekin"  gelditu dira etxean jokatutako jardunaldiaren ondoren. Larunbatean ZKEren egoitzan izan zuten Gipuzkoako Xake Txapelketako bederatzigarren jardunaldia, eta etxeko taldeak kontatu duenez, askotariko emaitzak eskuratu zituzten: "Lehen mailako taldeak berdinketa esanguratsua eskuratu zuen liderren aurka, Elgoibar, hain zuzen ere. Bestalde, Preferente mailako taldeak ezin izan zuen punturik eskuratu Baionako taldearen aurka. Lehen mailakoen partidarik ikusgarrienak, Iñaki Altzibarrek eta Andoni Etxabek burutu zituzten", azaldu du.

Iñaki Altzibarrek, esaterako, "partida berdintsu baten aurrean, tinko mantendu zuen bere posizioa, eta pixkanaka-pixkanaka abantaila eskuratzen joan zen, eta lau orduko partidaren ostean, balio handiko puntua erdietsi zuen". Andoni Etxabek ere, "bere partida nagusitasunez irabazi zuen. Hasieratik oldarkor jokatu zuen, eta aurkariak ezin izan zuen Andoniren erasoaren aurrean ezertxo ere egin".

Beste bi jokalari zarauztarrek, Daniela Velte eta Aitor Altzibarrek, ezin izan zuten punturik eskuratu, "nahiz eta gogor borrokatu".

Preferente mailan, baionarrek irabazi zituzten lau partidak. "Zarauzko taldea ordezkatzen Jon Lertxundi, Alexander Bermudez, Julio Andrade eta Jon Altzibar aritu ziren, baina inork ere ezin izan zuen punturik lortu. Hala ere, aipatzekoa da Jon Lertxundik jokaturiko partida. Partida berdintsu baten ostean, jokaldia pentsatzeko ia denborarik gabe zegoela, akats txiki baten erruz amore eman behar izan zuen".

ZKEk gogorarazi du bi jardunaldi bakarrik gelditzen direla, eta lehen mailako taldea mailaz ez jaisteko "borrokan murgildurik" dagoela. "Preferente mailako taldeak, berriz, nahiko ongi bideratua du aurtengo helburua: mailaz ez jaistea".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide