Denboraldiaurreko hitzordua izan zuten Zarauzko traineruek atzo Orion

Juan Luis Romatet 2023ko martxoaren 12a

Emakumeen Zarauzko trainerua helmuga puntuan. (Juan Luis Romatet)

Euripean eta hezetasun handiarekin jokatu zen atzo Oriako XXIX. traineru jaitsiera. Zarauzko ontziek ere ez zuten hutsik egin nahi izan denboraldiaurreko hitzordu garrantzitsu honetan. 

69 ontzi aritu ziren atzo arratsaldez Orion jokatu zen Oriako XXIX. traineru jaitsieran. Probaren berezko gogortasunari eguraldi makurra ere gehitu behar zaio: euria egin zuen estropadak iraun zuen denbora osoan, eta hezetasun handiarekin lan egin behar izan zuten arraunlariek. 

Gizon eta emakume senior kategorian aritu ziren Zarautz Arraun Elkarteko arraunlariek. Emakumeek 4.000 metroko distantzia egin behar izan zuten, eta Zarautz-Gesalaga zortzigarren izan zen 15:36,01 denborarekin. Guztira hamar ontzik hartu zuten parte eta irabazlea Orio-Orialki izan zen 14:39,45 denbora eginez.

Gizon seniorrak atera ziren ondoren. Hauek 6.000 metroko distantzia egin behar izan zuten errioan behera, eta abiatu ziren 21 ontzietatik hamabigarren denbora onena egin zuen Zarautz-Gesalagak (20:51,60). Estropada Bermeok irabazi zuen (19:38,19).

Beteranoetan, berriz, bi ontzi atera zituen Badok 13 taldeak. Arraunlarik hauek ere 4.000 egin behar izan zituzten. A taldea estropada irabaztetik gertu izan zen: bigarren egin zuen, 14:46 denborarekin, irabazle Chapela galiziarrekiko sei segundora. Badok 13-ren B ontzia, berriz, 21.a izan zen 18:40 denborarekin. 26 ontzi aritu ziren beteranoen kategorian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide