Ia 1.000 deskargarekin heldu da 'Appa Zarautz' ekimenaren erdibidera

Intza Trula 2023ko martxoaren 11

Sebas Zurutuza, Asier Aranbarri, Xabier Txurruka eta Iker Basurko, 'Appa zarautz' aplikazioaren aurkezpenean. (Zarauzko Udala)

Datorren martxoaren 18ra arte izango da aplikazioa deskargatu eta galdera sortak erantzuteko aukera.

‘Appa Zarautz’ ekimena erdibidera iritsi da ia 1.000 deskargarekin. Galdera-erantzun jokoaren xedea da gazteen parte hartzea sustatzea eta 2030 Plan Estrategikoaren barruan garatzen diren Garapen Jasangarriko Helburuen berri ematea. Horretarako, egunero zazpi galdera erantzun beharko dituzte gazteek, guztiak ere Zarautzi buruzkoak, baina hainbat arlotakoak: kultura, aisia, demografia, ingurumena eta bestelakoak.

Ekimenaren azken erdi honetan parte-hartzaileen kopurua handitzeko aurreikuspena dauka udalak. Izan ere, gaur zortzi, larunbata, arte dute herritarrek aplikazioa deskargatu eta galderak erantzuteko aukera (baita aurreko egunetakoak ere).

Halaber, zehaztu behar da, nahiz eta, helburua gazteak erakartzea izan, adin guztietako jendeari zuzendutako jokoa dela, eta partaide guztiek daukatela sarien zozketan parte harzteko aukera. Horrez gain, jokoaren 18 partidak burutu dituzten 14 eta 25 urte bitarteko gazteek aukera izango dute datorren martxoaren 24an egingo den azken ekitaldiko sarrera eskuratzeko. Modelo Aretoan egingo da hori, eta bertan zozketatuko dira azken sariak; hala nola, sei eta zortzi pertsona bitarteko taldeentzako irteerak itsaontzian, surf ikastaroak, Irisarriland parkerako sarrerak, eta herriko dendetan erabiltzeko kultura, ostalaritza eta bestelako bonuak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide