Martxoaren 8a igaro berritan, EH Bilduk iritzi dio herrian egun dauden parte hartzeko espazioak berrikusi behar direla, egun gogoangarriko "espiritua eta helburua" bete daitezen. Zentzu horretan, Berdintasun Kontseilua, Emakumeen Etxeko Mahaia, indarkeriari aurre egiteko guneen funtzioak, funtzionamendua eta kudeaketa eta erabakitze ereduak berraztertu behar direla nabarmendu du Itziar Murua koalizio abertzaleko bozeramaileak. Izan ere, "askotariko emakumeen ordezkaritzan oinarritu behar dute eta intzidentzia edo eraldaketarako espazio aktiboak izan behar dute".
Ildo beretik, mugimendu feminista eta udal egituren arteko arrakala "murriztu eta elkarlana sustatzeko" premia ikusten du EH Bilduk, bi eragileen artean "distantzia handia" dagoelako eta "geroz eta gutxiago" direlako parte hartzeko organoetan dauden emakumeak. "Udalak hausnarketa sakon eta zintzo bat egin ezean, elkarlanean eta ekarpena egiten aritu nahi duten hainbat zarauztarri nekea eta motibazio falta gailentzea logikoa izango da; beharrezko aitortza eta lanerako espaziorik ez badago", adierazi du Muruak.
Koalizioaren arabera, egun Emakumeen* Etxearen funtzionamenduak ez du emakume askoren beharra asetzen. "Erabat burokratizatua dago, eta guztiz instituzionalizatutako eremua da. Ezin da autonomiaz jardun, ezin da lanerako erabili, eta soilik udalak antolatzen dituen ahalduntze eskola eta ekimenetarako bideratzen da. Bilera gutxi batzuk egiten dira bertan, eta ez da erraza izaten tokia topatzea".
EH Bildurentzat "erreferentziazko gunea" izan behar du Emakumeen* Etxeak, "elkar ezagutzeko, elkarlana sustatzeko eta politika feminista eraldatzaileak diseinatzeko sinergiak sortzeko espazioa". Muruak nabarmendu duenez, "ahalduntze kolektiborako espazio bilakatu behar dugu". Era berean, gaineratu du Zarauzko mugimendu feministarekin "kogobernantza ereduan" antolatu beharko litzatekeela, eta "horretarako burokrazia gutxitu eta parte hartu nahi dutenen eskura erraztasunak jartzea" komeniko litzatekeela adierazi du bozeramaileak.
"Politikako ere ikasgai"
Feminismoa zehar lerro moduan kokatzekoa proposatu du Muruak. Ez ikuspuntu bezala bakarrik, baita praktika gisara ere: "Feminismoak politikarako ere ikasgai batzuk utzi eta beste aukera batzuk marrazten dizkigula uste dut. Politika, agintzetik eta harrokeriatik baino, herriko eragile komunitarioak elkarrekin ariko diren gobernantza marko bat eraikitzetik pasatzen da". Horretarako emakumeen gaitasunak "sustatu eta ahaldundu" behar direla azpimarratu du, "parte hartze politikoan ikusgarriagoak eta ahaldunduagoak ager gaitezen".
EH Bilduren iritziz, datorren agintaldian norabide honetan "urrats kualitatiboak" egiteko baldintzak sortzeko adina indar izatea espero dute.