Gure kontsumoa, haien heriotza

Onintza Lete Arrieta 2023ko martxoaren 10a

Aurrean, ezkerretik hasita, Yamelis Medina, Katia Ustate eta Jenny Ortiz. Atzean, Alboan elkarteko Javier Andueza eta Erika Ruiz. (Onintza Lete Arrieta)

Kolonbiako Guajira eskualdeko hiru kide Zarautzen izan dira beren egoera latza azaltzen. Europan kontsumitzen den ikatza beren lurra suntsitzen ari da, eta begiak ez ixtea eskatu dute.

"Nire alabagatik eta ondorengoengatik, borrokatuz hilko naiz ni. Hori argi daukat. Ez dut nire lurraldetik alde egingo!". Sutsuki esan du Yamelis Medina kolonbiarrak, eta gero, malkoak jausi zaizkio. Hedabide honen Zarauzko egoitzan dago, kafe beroa eskuetan, beste bi herrikiderekin batera, bere bizipenak kontatzen. Euskal Herrian izan da Alboan gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta, eta batean eta bestean beren komunitateen egoeraren berri eman dute Medinak, Katia Ustatek eta Jenny Ortizek. Zarautzen ostiralean eskaini zuten hitzaldia. Bizipenak asko dira, baina mezua bakarra eta argia: "Europarrok ezin dituzue begiak itxi gure komunitateetan gertatzen ari denaren aurrean: enpresa handiak Europarako energia iturriak ustiatzen ari dira, guri lurrak kenduta. Guri kentzen ari dira, zuei emateko. Zuen kontsumo basatia gurean heriotzak eragiten ari da", esan dute, gordin. 

Guajira departamendukoak dira Medina eta Ustate, eta Medinak nabarmendu duenez, "afro-baserritarrak". Baserritik bizi dira, baina gero eta zailagoa dute bizimodu horri eustea. "Gure lurraldeak sakrifikatzen dituzte, beste batzuk izugarri aberastu daitezen". Ustatek kontatu du bere aurrekoak beren lurretatik indarrez lekualdatuak eta deserrotuak izan zirela orain ia hiru hamarkada. "Zure lurretatik kanporatzen zaituzte, eta ezin duzu itzuli, jada ez direlako existitzen, orain horietatik ikatza ateratzen dutelako". 



Lurralde zabala da Guajira, 20.946 kilometro koadrokoa, baina hango lurrak ustiatzen ari den enpresa ere asko ari da zabaltzen, 69.848 hektarea baititu.  25 komunitate jada bidali dituzte handik, baina oraindik beste hainbat komunitate bizi da han. Medinaren komunitatea, esaterako, "enpresaren poligonotik 200 metrora dago, eta ikatza ateratzen duten tokitik 800 metrora".


Umeak gosez hiltzen

"Multinazionalek erakutsi nahi dute Guajiran ondo bizi garela eta ez dela ezer gertatzen han, baina ez da egia, eta hori erakustera etorri gara Euskal Herrira, oso tristea delako Guajirako egoera". Ustatek kontatu duenez, "goseagatik eta egarriagatik krisi humanitarioa" pairatzen ari dira lurralde horretan, "lurra ereiteko erabiltzen ziren lurrak, orain ikatza ateratzeko zuloak direlako, eta umeak gosez hiltzen ari dira". Ortizek esan du iaz 5 urtetik beherako 308 ume hil zirela gosez eta egarriz. 

Horrez gain, Ortizek gaineratu du Guajirako egoera ez dela ari heriotza fisikoak bakarrik eragiten. "Komunitateak beren lurretatik bidalita eta komunitateko kideak sakabanatuta, beren kultura eta sinesmenak ari dira galtzen". 1985etik ari dira komunitateak indarrez kanporatzen, eta bertakoentzat toki sakratuak diren hilerriak meatze guneen erdian gelditzen ari dira. Ustatek azaldu du, gainera, beren komunitateko adineko pertsonak "depresioagatik" hil zirela lurrak uztera behartu zituztenean, eta ohituren eta kulturaren transmisioan etena gertatu zela. "Guri tokatu zaigu ikertzea nola bizi ziren, osasunerako zer belar erabiltzen zituzten, nola jorratzen zuten lurra...". 



Ortiz Sinev elkartekoa da. Komunitate etnikoen giza eskubideen aldeko lana egiten dute, eta enpresa zehatza seinalatu du: «Cerrejon multinazionalaren giza eskubideen zapalketak salatzen ditugu geure herrialdean zein nazioartean». Meatzaritza enpresa da hori; hain zuzen, Guajirako lurrak ustiatzen ari dena. «Europara etorri gara esatera Guajiran dauden enpresa handi horiek giza eskubideak sistematikoki zapaltzen dituztela eta inpunitate osoz jokatzen dutela. Enpresa horietako asko europarrak dira edo Europako bankuek finantzatutakoak». 

Salaketak, Kolonbia barruan, alferrikakoak dira. Medinak esan du «komunitateen aldeko hamalau sententzia» jaso dituztela, baina ez dela ezertxo ere aldatzen. Horren harira, hirurek nabarmendu dute boteretsuak munduari benetakoa ez den irudi bat eskaintzen ari direla: «Armadak multinazionalari laguntzen dio eta baserritarrak zapaltzen ditu. Gure lurretatik bidal-
tzen gaituzte, gurea dena kentzen digute, ingurumena kaltetzen dute... Eta gobernuak laga egiten du hori gerta dadin». 

Ustateren komunitateak, esaterako, orain 22 urte irabazi zuen sententzia, komunitate osoa beren lurretatik bidali zutelako indarra erabiliz. "Sententzia hor dago, baina ez da ezer konpondu", salatu du Medinak. 

"Munduaren beste puntan gaude gu, baina nahi dugu zuek uler dezazuen guk han bizi dugunak eragina duela hemen, eta mundu bakarra dugula eta hori zaindu egin behar dugula. Zuek zenbat eta energia gehiago kontsumitu, orduan eta ikatz gehiago atera nahi dute gure lurraldeetatik", azpimarratu du Medinak. "Bidezko trantsizioa dela diote, baina norentzat da justua? Esaten dute ikatza ustiatzeari utziko diotela Guajirako toki batzuetan, baina beste toki batzuetan zulo ikaragarriak egingo dituzte kobrea, kobaltoa, manganesoa, urrea... ateratzeko". Sutsuki eta hunkituta jarraitu du hizketan, ikusten duelako lehenago edo geroago beren lurraldetik bidaliko dituztela. "Horrenbeste min ematen dit zuloak egiten jarraituko duten momentu horretan pentsatzeak eta nire alabak eta bilobek ezingo dutela ezagutu beren lurra irudikatzeak...". Non biziko dira? Zer etorkizun izango dute?

Medinak aho bizarrik gabe hitz egin du gertatzen ari den injustiziari buruz: "Oso sinplea da; guk sakrifikatu behar dugu, beste batzuei ongizatea bermatzeko. Ez daukagu ezer geuk, ezer ez, baina besteei eman behar diegu". Eta eskaera zehatza egin du: "Zuek gure egoera ezagutzea nahi dugu guk, eta kontziente izatea zer min ematen ari zareten guri. Jarraipena egin behar diezue horrelako proiektuak finantzatzen dituzten enpresa europarrei".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide