ZRTk indartuta egingo dio aurre denboraldiko aurkari "zailenari"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko martxoaren 11

Juan Sorreluz, Facundo Oribe eta Martin Sorreluz Zarautz Rugbyko jokalariak. (Jabi Gonzalez Toston)

Alcobendasen zelaian arituko dira beltzak gaur arratsaldean eta hara bertaratuko diren hamarnaka zaleren bultzada izango dute. Jokalariak ziur daude ez ustekoa emateko gai izango direla.

Ezin hobeto abiatu du ZRT Zarautz Rugby Taldeak Ohorezko B mailako bigarren itzulia elite multzoan. Orain arte jokatu dituzten hiru partidetatik bakar bat ere ez du galdu eta sailkapeneko lehenengo postuan daude kokatuta. Mailaz igotzeko finalaurrekoak lehiatzeko helburua dute, eta, hori lortzeko hautagai nagusia den Alcobendasen aurka arituko dira gaur 16:30etik aurrera arerioaren etxean. Orain arteko partidarik "zailena" izango da jokalariek aitortu dutenez.

Hala eta guztiz ere, baikor daude beltzak erronkari begira eta puntuak eskuratzeko gai ikusten dute euren burua. Gainera, garbi dute zer egin behar duten horretarako: "Aurkaria urduri jarri behar dugu, ez baitago ohituta. Oso talde ordenatua da eta erosotasunez irabazi ditu orain arteko partida guztiak. Horregatik, estutzen baditugu akatsak egingo dituzte eta denboraldi osoan erakutsi dugun mailari eusten badiogu lortuko akats horiek behartzea", adierazi du Facundo Oribe ZRTko jokalari eta  aurrelarien entrenatzaileak.

Gainera, zarauztarrak ez dira bakarrik ariko, zaleen bultzada ere izango dute: "60 lagun inguru espero ditugu, 30 minibusean joango dira eta beste hainbeste dira asteburua pasatzera autoan joango direnak", zehaztu du Juan Sorreluz jokalariak eta taldeko kapitainetako batek. Halaber, zaleek denboraldi osan eman dieten babesa ere eskertu zuen, ez baita taldearekin bidatuko duten lehengo aldia. Hospitaletera eta Santanderrera ere bertaratu ziren, esaterako.

Bestalde, taldeko babesle nagusia den Gesalaga-Okelanek ere eman dizkie indarrak hitzordu garrantzitsuari begira. Elikagai konpainiak ekoizten dituen produktuak dastatzera gonbidatu zituen hainbat jokalari ostegunean eta horiek kozinatzen ere irakatsi zien.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide