"Gaztetxoak tatamian gozatzen ikusteak asko betetzen nau"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko martxoaren 9a

Diana Lopez. (Aritz Manterola)

Kadete mailako Euskadiko judoka nesken hautatzailea da Diana Lopez (Zarautz, 1997). Duela hogei urte hasi zen kirol hori egiten, eta denbora horretan ikasitako guztia erakutsi nahi die orain atzetik datozenei.

Nola hartu duzu kadete mailako Euskadiko neska judokak zuzentzeko proposamena?

Ez nuen espero, egia esan. Bi denboraldi egin ditut Euskadiko infantil nesken hautatzaile gisa, eta horrela iritsi zait kadeteak zuzentzeko aukera. Gipuzkoako Federazioaren entrenamenduetan eta erakustaldietan parte hartzen hasi nintzenean, Euskadiko Federaziotik esan zidaten beraiek ere nirekin kontatu nahi zutela, eta hala hasi nintzen infantilekin COVID-19ak eragindako pandemia ondorengo lehen denboraldian. Ez dakit ezetz esaten, eta, ondorioz, animatu egin nintzen. Kadeteak zuzentzeko proposamena egin didatenean ere, baiezkoa eman diet.

Gainera, gogoko ditut umeak eta hezitzaile jarduna, eta uste dut hori ere hartu zutela kontuan infantilen hautatzailea izatea proposatu zidatenean. Emaitza ona izan dela esango nuke, eta horregatik proposatu didatela orain kadeteak zuzentzea.

Eskaintza ez zenuela espero aipatu duzu. Zergatik?

Oso gaztea naizelako harritu nau, batez ere. 25 urte baino ez ditut, eta gainerako hautatzaileak 30 edo 40 urtetik gorakoak dira. Hala ere, gogotsu nago; ekimen handiko pertsona naiz, gutxi lotsatzen dena eta erronken aurrean hazi egiten dena.

Aipatu duzunez, ez da hautatzaile arituko zaren lehen aldia. Nola iritsi zara egungo lekura?

5 bat urte nituela hasi nintzen judoa praktikatzen, eta hasiera batean, adin horri dagozkion jardunaldietan parte hartu nuen, baina infantil mailatik aurrera, beti irabazi izan ditut dominak Gipuzkoan zein Euskadin. Asko entrenatzen nuen orduan, eta dieta ere zaindu behar izaten nuen, adinaz gain, pisuaren arabera ere banatzen direlako kategoriak judoan. Duela bizpahiru urte, ordea, orkatilan izan nuen lesio bat tarteko, errendimendua albo batera utzi eta entrenatzaile lanari serioago heldu nion. Ordurako jada banenbilen etxeko taldean, Lizardi judo klubean, gaztetxoak entrenatzen, 15 urte nituela hasi bainintzen. Hori bai, artean ez nuen hainbestetan parte hartzen Gipuzkoako eta Euskadiko jardunaldietan.

Eta nolakoa da hautatzaileek egin behar duzuen lana?

Federazioak lurraldeka antolatzen dituen entrenamenduak bideratzen ditugu eta txapelketen jarraipena egiten dugu: finalerdietara eta finalera zein sailkatu diren jakin, kirolariak aztertu eta abar. Azken finean, kirolariak ezagutu behar ditugu, gure eginkizun nagusia gazteen bidelagun izatea delako. Hala, Espainiako txapelketara doazenean babes emozionala eskaintzen diegu, batetik, eta, kirol lehiari lotuago, aurkarien analisia egiten eta borroka prestatzen laguntzen diegu, bestetik.

Dena den, egongo da alderik infantilen hautatzaile izatetik kadeteena izatera, ezta? Nagusiagoak dira kirolariak, nerabeak, eta konplexuagoa izaten dela diote adin inguru horretako kirolariekin lan egitea.

Ardura gehiago izango ditut orain, bai. Judoken aukeraketak egiterakoan, gauza gehiago izan beharko ditut kontuan, eta ez emaitzak soilik. Nerabeak izateak, ordea, ez nau kezkatzen. Uste dut lotura bereziak ere sortzen direla gazteen eta entrenatzaileen artean. Era berean, gertutasuna helarazten saiatzen den pertsona naiz ni, eta gazteek eskertzen dute hori. Hala eta guztiz ere, serio jartzen ere badakit hala egitea tokatzen denean.

Gainera, bideratu beharko ditudan judoka gehienek dagoeneko ezagutzen naute, eta horrek ere lagunduko dit. Infantiletan nirekin aritu ziren eta kadeteetara pasatu diren neskak dira.

Zuk aspaldi utzi zenuen atzean infantil eta kadete garai hura. Nola ikusten dituzu orain?

Judoa egiten duten neska kopurua asko hazi da, eta asko pozten nau horrek. Izan ere, txikia nintzela, erreferente falta sentitu nuen nik. Zorionez, aldatu egin da hori.

Hezitzaile lana gogoko duzula ere aipatu duzu. Bokazioz egiten al duzu?

Beti gustatu izan zait irakastea, bai. Horren adibide garbiena da irakaslea naizela. Kirol arloan ere, urte hauetan guztietan ikasitakoa gazteei irakastea dut xede, gauza asko eman baitizkit kirolak: autokontrola, nire buruari jarritako helburua betetzeko lanari balioa ematea eta abar.

Zer da entrenatzaile izatetik gehien gustatzen zaizuna?

Klubean entrenatzen ditudan 5 eta 7 urte arteko haurrei dagokienez, tatamira igotzean aurpegian irribarre zabalak eta saioaz nola gozatzen duten ikusteak betetzen nau, batez ere. Horrez gain, entrenamenduetan egin dituzten ariketei esker zenbat ikasi duten egiaztatzea ere atsegina izaten da, noski. Azken finean, haurrekin jolasen bitartez lantzen ditugu judoan oso garrantzitsuak diren lateralitatea eta oreka dinamikoa, eta emaitza agerikoa izaten da.

Horren harira, Unescok esandakoa azpimarratu nahi nuke, kirol egokienetakotzat jo baitu judoa adin goiztiarretan. Oinarri ona da edozein kirol egiteko, gorputz osoa lantzen baita.
Entrenatzen ditudan judoka nagusiagoei, bestalde, kadeteei, adibidez, haien judoa garatzen laguntzea eta teknikak nola hobetzen dituzten ikustea iruditzen zait ederrena.

Hautatzaile lanaz, aldiz, topaketak nabarmenduko nituzke; izan ere, lurralde askotako ordezkariak elkartzen gara bertan, eta oso baliagarria zait hori beste eredu eta egiteko modu batzuk ezagutzeko.

Ikasten jarraitu nahi duen irakaslea

"Eguneratuta" egotea eta neska gazteentzat "erreferente" izatea du gustuko Diana Lopezek. Horregatik, gerriko beltzaren laugarren dana lortzeko azterketa egin zuen duela hiru hilabete. Baita lortu ere. Era horretara, lau dan dituen Euskadiko judoka gazteena da.

Lopezek azaldu duenez, nekeza izan da helburua lortu arteko prozesua: "Ordu asko eskaini behar izan dizkiot koreografia modukoak diren katak ikasteari eta alderdi teknikoa lantzeari. Ondorioz, tatamira joatea izan da nire asteburu zein oporraldi askotako plana". Hainbat zehaztapen ere eman ditu Lopezek danen inguruan: "Gerriko beltza lortzearekin batera eskuratzen da lehenengoa, eta nik 15 urte nituela lortu nuen. Ondoren, bi urte igaro behar dira bigarren danerako azterketa egin ahal izateko, eta beste hiru hirugarrenerako. Horrela, etengabe".

Hurrengo erronka ere dagoeneko bota dio judoka gazteak bere buruari: "Aztertzaile titulua izan nahiko nuke. Azken azterketan erabaki nuen, aurrean nituen aztertzaile guztiak gizonak zirela ikustean". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide