Martxoa amaieran ospatuko du ZAEk bere 40. urtebetetzea

Jabi Gonzalez Toston 2023ko martxoaren 9a

ZAEren iazko denboraldiko bi traineruak. (Aritz Mutiozabal)

Txuleta Festa antolatu dute Munoan hilaren 24tik 26ra. Aurrez, larunbat honetan, Ohiko Batzar Nagusia egingo du klubak Aritzbatalde kiroldegiko arraun fosoan.

ZAE Zarautz Arraun Elkarteak 40 urte beteko ditu aurten eta dagoeneko jarri da urtebetetze festari begira. Ekitaldi nagusia hilabete honetan bertan egingo dute, martxoaren 24tk 26ra, hain justu ere, noiz karpa jarriko duten Munoan Txuleta Festa egiteko. Ostiralean emango diete hasiera ospakizunei bertso afariarekin, Maestros parrilleros txuleta erretze lehiaketa egingo dute larunbatean eta igandean, berriz, Zarauzko Elkarte gastronomikoen arteko txuleta arraun lehiaketa. Horrez gain, ZAEren ibilbideren parte izan diren hainbat kide omenduko dituzte igandean.

Edonola ere, ZAEk badu beste hitzordu garrantzitsu bat hilabete amaierako urtebetetze festa baino lehen. Asteburu honetan bertan izango da, gainera. Larunbat goizean zehatzago esateko. Ohiko urteko batzarra deitu du klubak 11:00etan Aritzbatalde kiroldegiko arraun fosoan eta mintzagai izango dituzten gaien zerrenda ere eman dute: 2022ko gastuen likidazioa, 2023ko urteko gastu diru-iturrien aurrekontua, kirol arloko balantzea eta aurreikuspena eta 40. urteurreneko ospakizuna, besteak beste.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide