Martxoaren 8ko egitarauaren barruan, eta data azpimarragarriari "ospakizun" kutsua eman nahian, antzerki saioa ere antolatu du Parekietasun departamentuak asteazkenerako. Hain zuzen ere, Txalo Produkzioak konpainiak ekoitzitako Bost minutun euskarazko antzezlana eskainiko dute Modelo aretoan, 20:00etan hasita.
Pablo Mir antzerkigile argentinarrak idatzitako komedia bat da euskaraz moldatua eta Begoña Bilbaok zuzendua, non taula gainean Andoni Agirregomezkorta eta Itziar Urretabizkaia aktoreak elkartzen dituen. Koldo eta Nekane dira, 40 urteak dagoeneko beteak dituen bikote bat. Haurdunaldi testa egin dute, eta bost minutu falta zaie emaitza jakiteko.
Denbora tarte horretan makina bat galdera eta zalantza sortu zaie: guraso izateko prest ote daude? Gurasoak izan nahi al dute? Aurrerapauso bat da ala amildegira jauzi bat? Ezkajintasuna, antsietatea, beldurra eta itxaropena bezalako sentipenak azaleratuko dira antzezlanean, betiere umore klabean.
Bost minutun antzezlanerako sarrerak 8 euro balio du eta Modelo aretoko leihatilan eros daiteke edo Kutxabank atari digitalean.