EH Bilduk beharrezkotzat ikusten du "herriko kirol ekipamenduei buruzko hausnarketa prozesu bat" zabaltzea. Horren helburua izango litzateke egungo azpiegitura publikoak aztertzea, herriko kirol praktikak zeintzuk diren identifikatzea –federatuak eta ez federatuak– kokaleku berriak bilatzeko eta masifikatuta ez dauden edota hain herrikoiak ez diren kirolei arreta eskaintzea, koalizioak aditzera eman duenez.
Zarautz handitzen ari da eta Salberdingo lanak amaitzean, herriko mugimendua biderkatzeaz gain, zerbitzuen erabilera eta kirola praktika handitu egingo dela ondorioztatu du EH Bilduk. Era berean, gaineratu du federatu gehien dituen Gipuzkoako herrietako bat dela, eta asko direla, federatu gabe, osasunari lotuta edo afizioz kirola egiten duten herritarrak. Koalizioak dio hainbat eragile eta erabiltzaileren kexak jaso dituela zenbait azpiegitura publiko txiki geratu direla adieraziz eta beste hainbat praktiketarako ez dagoela azpiegiturarik agertuz.
Horrenbestez, "azpiegituren ebaluazio bat egin, hauen erabilerak aztertu, eta hutsuneak identifikatzetik" hasi beharko litzatekeela uste du EH Bilduk: "Eraiki beharreko kirol azpiegitura berriak zein eta nolakoak liratekeen identifikatu behar dira, eta horiek non eraiki edo egingo liratekeen pentsatu, betiere kirol federatu eta osasunari edo afizioari loturiko praktikaren arteko orekari eutsiz, eta zarauztarron behar eta nahiak erdigunean jarrita".
EH Bilduren ustez, "kirol praktika aberatsa eta anitza da Zarautzen, eta bere sustapenak jendearen behar orokorrei erantzun behar die, ez interes zehatz eta ekonomikoei. Gaur egun, Zarauztik ondoko herrietara joaten da jendea haurrekin igerilekura edo paddle-ean jokatzera eta honek egungo eskaintzan gabezia nabarmenak daudela salatzen du".